Errandonea eta Martinez, txapeldunak Lezaman

Aikor aldizkaria 2016ko api. 14a, 09:40

Ander Errandonea eta Iñigo Martínez pilotari nafar gazteek irabazi zuten Lezamako Eskualdeko txapelketaren 57. edizioa, lehenengo mailan. Txapelketaren finala apirilaren 1ean jokatu zen, eta nafarrek 22-11 irabazi zieten Elorrioko Igor Azpiriri eta Lezamako Txaber Zabalari. Adituen arabera, Azpiri eta Txaber faboritoak ziren, nagusiagoak direlako eta eskarmentu handiagoa dutelako, baina Errandoneak eta Martínezek oso maila ona erakutsi zuten eta txapela Berara eraman zuten. Martínez finalean oso fin ibili arren, antolatzaileek Errandonea izendatu zuten txapelketaren jokalaririk onena. Ander, Inaxio Errandonea pilotari handiaren semea da. Egun berean, gazte mailako finala ere jokatu zen. Salaberriak eta Arangurenek 22-14 irabazi zioten Alberdik eta Aizpuruk osatutako bikoteari. Salaberria nafarra da, baina beste hirurak, aldiz, gipuzkoarrak. “Azken bolada honetan, batez ere gazte mailan, Gipuzkoako pilotariek oso maila ona dute. Batzuek etorkizun handia dute”, esan digu Juan Mari Dañobeitia Lezamako Pilota Elkartearen kideak. “Txapelketa oso polita izan da goi-mailako tantoak eta partidak ikusi ditugulako. Gainera, frontoia jendez gainezka egon zen finalean”. Telebistak finalak eman zituen apirilaren 3an, grabatutako emanaldi batean.