Janari bilketa, errefuxiatu siriarrei laguntzeko

Aikor aldizkaria 2016ko api. 14a, 13:01

argazkiak: facebook.com/zaporeakproiektua

Zaporeak egitasmoaren boluntarioak hilabeteak daramatzate Chios Greziako irlan, zailtasunak zailtasun, han dauden errefuxiatu siriarrentzat otorduak prestatzen. Danontzat Loiuko elkarteak bat egin du Intxaurrondoko proiektuarekin, eta janari bilketa antolatu du Txorierrin eta Erandion. “Batez ere jateko hauek behar dituztela esan digute: lekaleak, arroza, pasta, esnea eta kakao-hautsa”. Janaria batzeko guneak Erandion, Loiun, Sondikan eta Derion ipini dira. “Beste herrietako lagunek, elkarteek, dendariek… ere parte hartu nahi badute, gurekin ipini daitezke harremanetan. Ondo etorriak izango dira, laguntza handia behar delako”. Kanpaina apirilean eta maiatzean egongo da martxan, eta Danontzat elkarteak Donostiara bidaliko du batutakoa. Handik Chios irlara eramango dute Zaporeak proiektuaren arduradunek. Loiun, leku hauetan utzi daitezke jatekoak: Loiuko eta Larrondoko frontoietan, janari-dendan, eta elizan; Sondikan: jubilatuen etxean, Victor harategian, Sondika bitxi-dendan, Elbereth estetika-zentroan, Gorantzaileak dantza taldearen egoitzan eta elizan; Derion: Mas x menos janari-dendan, eta Odol Argia elkartearen eta Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin lan egiten duen taldearen bidez; eta Erandion: Erandiogoikoko gizarte etxean, Goi-Alde dantza taldearen egoitzan, Josu Murueta kultur etxean (Astrabudua), Eguzkilore kafetegian eta Puri janari-dendan. Janari bilketa ez da Loiuko elkarteak errefuxiatu siriarrei laguntzeko egin duen kanpaina bakarra. Horrela, bada, umeak eramateko motxilak ere batu dituzte, Donostiako ama batzuek martxan ipinitako kanpainarekin bat eginez. Bestalde, Eternal Running lasterketa egin zen domekan, Loiun, eta txosna ipini zuten bertan. Ateratako dirua janaria erostera eta hori Donostiara garraiatzeak dakarren kostuak ordaintzera zuzenduko dute. Era berean, postu bat ipiniko dute datorren asteburuan herrian egingo den motorren kontzentrazioan. Postuan biberoiek, txupetek eta esne-hautsak osatutako kitak salduko dituzte. Kitak ere bidaliko dizkiete Zaporeak egitasmoaren arduradunei, guraso siriarren arten bana ditzaten. “Gu beti gaude prest behar den tokian laguntzeko. Eta errefuxiatu siriarrekin egiten ari dena penagarria da benetan…”.