Lekue eta Oregi, Euskal Label txapelketatik kanpo

Aikor aldizkaria 2016ko api. 15a, 13:12
Beñat Lekue eta Aritz Oregi larrabetzuarrek Eusko Label Banakako Aizkolari Txapelketan hartu zuten parte, apirilaren 9an. Lehiaketa Lezamako frontoian egin zen, eta etxean jokatu arren, txorierritarrek ezin izan ziren hurrengo fasera sailkatu. Ondoen egin zuena Beñat izan zen. Horrek Aitor Jauregiri irabazi zion lehenengo kanporaketan, baina bigarrenean, aldiz, galdu egin zuen Aritz Irazabalen kontra. Aritz Oregik, bere aldetik, ez zuen lehenengo norgehiagoka gainditu Emilio Garcíaren kontra. Guztira, zortzi aizkolari sartu ziren lehian Lezaman, baina bakarrik bi, Aritz Irazabal ugaotarra eta Eneko Saralegi nafarra, pasatu ziren hurrengo fasera. “Txapelketa erabat berria izan da guretzat, beste era batean aritzen garelako. Hau da, guk normalean enborraren gainean mozten dugu egurra; txapelketa honetan, aldiz, egurra zutik dago, zuhaitza moztuko bagenu moduan. Eskarmentu gutxi dugu teknika horretan eta ahal genuena egin genuen. Beraz, pozik gaude”, esan digu Beñatek. Txapelketan, Lekuek min hartu zuen eskuan eta datozen asteotan atseden hartu behar izango du. Ostean, hasiko da prestatzen udan jokatuko diren Euskal Herriko zein Bizkaiko txapelketak. “Txapelketa gehiagorik ez, momentuz, eta udan erakustaldiren bat edo egingo dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).