Orotara, 1.337 pertsonak hartu zuten parte apirilaren 17an egindako osasunaren aldeko lasterketan eta martxan. Ibilbidea Larrabetzu eta Lezama artean atondu zen, eta hiru aukera eman zitzaien parte-hartzaileei: martxa txikia, sei kilometrokoa; helduen martxa, 10 kilometrokoa; eta helduen lasterketa, 10 kilometrokoa.
Ekintza Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du hirugarren aldiz, eta adierazi duten bezala, 5.848 euro batu dira. Dirua hurrengo elkarte hauen artean banatuko dute: Garmitxa, janaririk hartu ezin duten umeen elkartea; AprendeTEA, autismoa eta Asperger dituzten familien prestakuntza eta aisiaren sustapenerako elkartea; Aspace, garun-paralitikoen elkartea; eta Cornelia de Lange nahasmendu genetikoa dutenen elkartea.