Martxa solidarioa, Erandiogoikoan

Aikor aldizkaria 2016ko api. 25a, 11:16
Martxa Ortzi herri kirol taldeak antolatu du maiatzaren 8rako. Ekintza ederto ateratzeko, talde hauen laguntza ere edukiko dute: Gurari, Takolos, Sondikako kirol zaleak eta Astrabuduako kick boxing taldea. “Eurak gabe, oso zaila izango litzateke proiektua aurrera ateratzea”. Ibilbide bi egongo dira. Batak 28 kilometro edukiko ditu eta parte-hartzaileak, besteak beste, txoko hauetatik pasatuko dira: Fanos, Fatima, Lutxana, Santimami, Goierri eta Unbe. Beste ibilbidea familiei dago zuzenduta eta 12 kilometrokoa izango da. Beste hori aukeratzen dutenak Goierritik eta Unbetik igaroko dira. Ibilbide biak Erandiogoikoko plazan hasi eta bukatuko dira. Nolanahi ere, martxa luzean parte hartzeko izena ematea 07:20tik 07:50era bitartean egin beharko da; eta martxa txikian parte hartzeko izena ematea, 09:30etik 09:50era bitartean. Izena ematea doan da, baina antolatzaileek eskertzen dute izen-emate moduan jatekoak eramatea. “Batzen denaren zati bat Erandioko jende behartsuaren artean banatuko da Babes Zibilaren laguntzarekin; eta beste zatia herri ezberdinetako elkarteen artean: Leioa, Sondika, Zamudio…”. Martxez gainera, umeentzako jolasak antolatuko dira eta kick boxing erakustaldia egongo da. Zer jan eta edan egongo da parte-hartzaile guztientzat, eta opariak zozketatuko dira. Martxen argazkiak ere ipiniko dira ikusgai, Takolos elkartearen eskutik. Erandiogoikoko martxa solidarioa 11. aldiz egingo da aurten. Iaz, esate baterako, 527 kilo janari eta 89 kilo arropa batzea lortu zuten. “Janaria batzea ez ezik jendeak erakusten duen borondate ona ere bada garrantzitsua guretzat, bai euren ekarpenagatik, bai sortzen diren arazoak ulertu eta ez dituztelako kontuan hartzen. Eskerrak, bihotzez, ekitaldia egiten laguntzen diguten guztiei”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).