Butroi upategiak urrezko Bacchus saria jaso du

Aikor aldizkaria 2016ko api. 26a, 12:35
Upategi horretan lau txakolin marka ekoizten dituzte eta haietako batek jaso du saria: Etxebarria txakolinak, hain zuzen ere. Bacchus mundu mailako lehiaketa da eta aurten 1.500 ekoizlek baino gehiagok hartu dute parte bertan. Lehenengo aldia da Butroi upategia aurkeztu dela sariketara, eta oso pozik azaldu dira golardoarekin. “Aurrera jarraitzera bultzatzen gaitu. Gainera, sariaren eraginez, eskari gehiago izan ditugu. Txinara ere bidaltzeko eskatu digute, eta Frantziatik etorri dira upategia ikustera. Badugu, hala ere, “arazo” bat: ia produktu barik gaude momentu honetan. Eta ondorioz, ezin izan diegu eskari guztiei erantzun. Adibidez, Kanadatik eta penintsulako hainbat lekutatik eskatu digute txakolina, baina ezin izan ditugu eskariak bete”. 2015eko uztari dagokionez, 80.000 litro txakolin ekoiztu dute Butroi upategian. “Nahiko produktu homogeneoa egiten dugu, kalitate eta gustu berdina duena. Produktu ona da, eta lehiakorra prezio aldetik. Soro ona edukitzea ere inportantea da”. Upategia lau familiak sortu zuten: txakolingintzan eskarmentu handia duten hiru upategi txiki (Zamudioko Oletxe, Larrabetzuko Sasines eta Gatikako Etxebarria) eta mahats-ekoizle bat (Maje Larrañaga lezamarra). Haien familia-izaera da upategia bereizten duen ezaugarrietako bat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).