Eatoneko langileen aldeko mozioak onartu dituzte Derion eta Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2016ko api. 29a, 14:23

Derion, mozio bi aurkeztu dira, bata EAJ, EH Bildu eta PSOEren artean adostua, eta bestea PSOEk aurkeztuta, eta biak onartu dituzte aho batez. Gainera, EH Bilduk Eatoneko egoera, diasporaren bitartez, nazioarteko bihurtzeko proposamena egin du, eta Eatoneko webgunean protesta sozializatu. Proposamenak, Txorierriko alkateek, alderdi politikoen ordezkariek eta enpresa-batzordeak astelehenean Mankomunitatean edukiko duten bileran aztertuko dira. Bestalde, Larrabetzun ere onartu dute Derioko lantegiko langileen aldeko mozioa. Udaletxe bietatik bidali duten adierazpen instituzionalean azaldu duten bezala, Derioko Udalak zein Larrabetzuko Udalak elkartasuna adierazi diete Eatoneko langileei, eta Derioko lantegirako lan egiten duten enpresa laguntzaileetako langileei. “Lanpostu guztiak mantentzeko eta enpresaren jarduerari jarraipena emateko hartu dituzten erabakiei gure laguntza osoa eskaintzen diegu. Udalek erabateko laguntza eskaintzen diete behargin guztiei eta lanpostuaren aldeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, beren desadostasuna agertzen diote amerikar multinazionalari, enpresa Deriotik kanpora eroateko asmoagatik”. Hala, prest azaldu da herri administrazioko erakundeekin lan egiteko, “lanpostuak mantentzeko eta euren esku dagoen laguntza guztia prozesu honetan jartzeko”. Adierazpen instituzionala Eusko Jaurlaritzari eta Foru Aldundiari bidaliko diete. Bilerak Eatoneko enpresa-batzordeak eguaztenean batu zen enpresa-zuzendaritzarekin. Azaldutakoaren arabera, enpresak Derioko fabrikari buruzko merkatu-azterketa bat aurkeztu zuen, baina ez zuen datu zehatzik adierazi. Era berean, kaleratutako langileek jasoko lituzketen indemnizazioak hobetu dituzte. Hala, hasiera batean, 12 hilabete eta hilabeteko 20 egun ordaintzeko prest azaldu baziren; orain, 24 hilabete eta hilabeteko 33 edo 35 egun ordaintzeko prest agertu dira. “Hala ere, guk ez dugu horretan sartu, gure helburua lanpostu guztiak mantentzea delako”. Eatoneko langileek eguaztenean ekin zioten greba mugagabeari, enpresak 39 langile kaleratu eta lan lerroetako bat Errumaniara eramateko asmoa zuela jakinarazi ostean. Enpresa-batzordea eta enpresa-zuzendaritza datorren eguaztenean batuko dira berriro. Joan den martitzenean, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Eatoneko enpresa-batzordeko kideekin batu ziren, multinazionalaren erabakiaren ondorioz, langileen egoera eta kezkak ezagutzeko. Foru Aldunditik esandakoaren arabera, enpresa zuzendaritzarekin batzeko asmoa adierazi dute, egoera eta egon daitezkeen konponbideak aztertzeko, baina multinazionalak ez dio gonbiteari erantzunik eman. Hala ere, komunikatu bat bidali dute eta bertan “enpresak Derion jarraituko duela” jakinarazi dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).