2.700 kilo elikagai batu dira Txorierrin, errefuxiatu siriarrei laguntzeko

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 4a, 11:33
Ekimena Danontzat Loiuko elkarteak sustatu du apirilean zehar, eta maiatzean ere jarraituko dute elikagaiak batzen. Azaldu digutenez, Zaporeak egitasmoaren berri eduki zuten, eta erabaki zuten haiek ere beren ekarpena egitea, errefuxiatu siriarrei laguntzeko. Zaporeak egitasmoaren boluntarioek hilabeteak daramatzate Chios Greziako irlan, zailtasunak zailtasun, han dauden errefuxiatu siriarrentzat otorduak prestatzen. Intxaurrondoko proiektuarekin bat egin, eta Danontzat elkarteak janari bilketa antolatu du Txorierrin eta Erandion. Orotara, 2.700 kilo elikagai batu dituzte apirilean, eta horiek kamioi bitan bidaliko dituzte Donostiara. Lehen kamioia gaur goizean atera da, eta bigarrena barikuan aterako da. Elikagaiak datorren astean bidaliko dituzte Donostiatik Chios irlara. Danontzat elkarteko kideak oso pozik eta eskertuta azaldu dira txorierritarron erantzunarekin. Maiatzean, elikagaiak batzen jarraituko dituzte leku hauetan: Loiun: Loiuko eta Larrondoko frontoietan, janari-dendan, eta elizan; Sondikan: jubilatuen etxean, Victor harategian, Sondika bitxi-dendan, Elbereth estetika-zentroan, Gorantzaileak dantza taldearen egoitzan eta elizan; Derion: Mas x menos janari-dendan, eta Odol Argia elkartearen eta Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin lan egiten duen taldearen bidez; eta Erandion: Erandiogoikoko gizarte etxean, Goi-Alde dantza taldearen egoitzan, Josu Murueta kultur etxean (Astrabudua), Eguzkilore kafetegian eta Puri janari-dendan. Era berean, San Isidro Derioko jaietan txosna bat ipiniko da eta bertan taloak egingo dituzte. Batzen den dirua elikagaiak erosteko erabiliko dute. Santurtziko eskola bat ere harremanetan ipini da Loiuko elkartearekin, janari bilketan parte hartzeko. Batez ere lekaleak, arroza, pasta, esnea eta kakao-hautsa behar dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).