Siriako umeen aldeko jai solidarioa, bihar Erandiogoikoan

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 6a, 11:14

Jai solidarioa Gurari Erandiogoikoako taldeak antolatu du biharko, eta egun osoan zehar ekintza hauek egongo dira: 10:00: Kalejira, Gurariko txistulariekin. 11:00: Umeentzako jokoak. 14:30: Herri bazkaria. 17:00: Mus eta bingo txapelketak. 19:00: Karaokea. 24:30: Gaudantza, Basaki taldearekin. Egun osoan zehar Erandioko gaurko eta atzoko argazkiak egongo dira ikusgai, Radio Club Takoloren eskutik, eta bazkarian ere argazkiak aterako dira eta arratsaldean banatuko dira. Era berean, zapatuan eta domeka goizean azoka bat ipiniko da gimnasioan. Batzen den dirua Siriako umeei laguntzera zuzenduko da. Martxa Bestalde, Ortzi herri kirol taldeak ere martxa solidario bat antolatu du domekarako. Ibilbide bi egongo dira. Batak 28 kilometro edukiko ditu eta parte-hartzaileak, besteak beste, txoko hauetatik pasatuko dira: Fanos, Fatima, Lutxana, Santimami, Goierri eta Unbe. Beste ibilbidea familiei dago zuzenduta eta 12 kilometrokoa izango da. Beste hori aukeratzen dutenak Goierritik eta Unbetik igaroko dira. Ibilbide biak Erandiogoikoko plazan hasi eta bukatuko dira. Nolanahi ere, martxa luzean parte hartzeko izena ematea 07:20tik 07:50era bitartean egin beharko da; eta martxa txikian parte hartzeko izena ematea, 09:30etik 09:50era bitartean. Izena ematea doan da, baina antolatzaileek eskertzen dute izen-emate moduan jatekoak eramatea. “Batzen denaren zati bat Erandioko jende behartsuaren artean banatuko da Babes Zibilaren laguntzarekin; eta beste zatia herri ezberdinetako elkarteen artean: Leioa, Sondika, Zamudio…”. Martxez gainera, umeentzako jolasak antolatuko dira eta kick boxing erakustaldia egongo da. Zer jan eta edan egongo da parte-hartzaile guztientzat, eta opariak zozketatuko dira. Martxen argazkiak ere ipiniko dira ikusgai, Takolos elkartearen eskutik.