Barrenetxea, “Mikel Artetxe” lasterketaren txapelduna

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 24a, 12:21
a: Idoia Andrés
Maiatzaren 14an, Mikel Artetxe Txirrindulari Zaleak taldeak “Mikel Artetxe” Urban Race lasterketa antolatu zuen Larrabetzun. Txapelduna Jon Barrenetxea (Gastronomia Baska-Avia) izan zen, eta bere atzean, Basati Bike taldeko Lander Lartitegi eta Eneko Meaurio sartu ziren helmugara. Talde mailan, Basati Bike taldeak eraman zuen txapela. Lasterketa kadete mailakoa da (14-15 urtekoei zuzenduta) eta aurten lehendabiziko aldiz antolatu da. “Lasterketak helburu bi ditu: alde batetik, txirrindularitzarako zaletasuna herrian berriro piztea. Izan ere, lehen Jesús Loroño lasterketa antolatzen genuen, baina duela sei urte hori egiteari utzi behar izan genion. Bestetik, herrian Txomin Aiarza txirrindulari gaztea dugu, baina askok eta askok ez dute ezagutzen. Lasterketaren bidez, gure Txomin herrian ezagutzera eman nahi dugu”, esan dute antolatzaileek. Guztira, 70 txirrindularik hartu zuten parte lasterketan, baina bakarrik 22k bukatu zuten. “Parte-hartzaileen kopurua ez zen oso handia izan, lasterketa berri-berria delako, baina antolatzaileok eta babesleak poz-pozik gabiltza emaitzarekin. Bestetik, oso txirrindulari gutxi izan ziren lasterketa bukatzeko gauza. Izan ere, kadeteen artean ezberdintasun handiak daude eta hori nabarmena da emaitzetan”, esan dute. Txomin Aiarza larrabetzuarrak 21. postuan bukatu zuen lasterketa. Gazte mailako emakume batzuk ere sartu ziren lehian, baina ezin izan zuten lasterketa amaitu. Irteera eta helmuga Larrabetzun jarri ziren, baina txirrindulariak Lezamatik ere ibili ziren. Gazteek 8,7 kilometroko zirkuitua egin zuten. Antolatzaileen esanetan, “txirrindulariak sei aldiz pasatu ziren Andra Mari kaletik eta horrek izugarri hurbiltzen du kirola, herrian bertan zuzenean ikusteko aukera dagoelako”. Lasterketaren batera, omenaldi bat egin zioten Mikel Artetxe txirrindulari larrabetzuar profesional ohiari.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).