Prekarietatearen kontrako mobilizazio nazionala antolatu du LABek zapaturako, Bilbon

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 26a, 13:38

Hitzordua arratsaldeko 5:30ean ipini dute eta lau abiapuntu egongo dira, herrialde bakoitzeko bat: Udaletxea (Bizkaia), Abando (Araba), Zubiarte (Gipuzkoa) eta Jesusen bihotza (Nafarroa). Guztiek plaza Eliptikoan bat egin eta Euskadi plazara joko dute. Amaiera ekitaldia bertan egingo da. “Mobilizazio anitza eta dinamikoa izango da, prekarietatea gogorki pairatzen duten langileei hitza emango diena”. LABen ustez, “prekarietatea langileoi inposatu zaigun egoera da. Langile guztion arazoa da, arazo sozial larria. Egoera hau aldatzea posible da horretarako borondate politikoa egonez gero. Arazo honi nola aurkitu irtenbidea, alderdi eta instituzioetako agendaren erdigunean egon dadin? Guztion indarra eta borrokari esker”. “Testuinguru honek gure ekintza sindikala eraberritzera eraman gaitu. Konfrontazio garai berri bat irekitzen ari gara patronalaren aurrean, lan munduan eta lantokietatik at. Horrekin batera interpelazio instituzionala indartu dugu prekarietatera kondenatzen gaituen eredua alda dezaten”. Sindikatuaren esanetan, badago alternatiba bat. “Aldaketa posible da. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea ezarriz gero, lan osasunerako eta euskaraz lan egiteko eskubidea aitortzen bada, eta neurri guzti hauek emakumeengana iristeko erabakiak hartzen badira, lan mundua goitik behera aldatuko da. Helburuok lortzeko egunerokoan aurrera daramatzagun borroka guztiek isla izango dute maiatzaren 28an Bilbon egingo dugun mobilizazio nazionalean. Aldarrikapen guztiek izango dute lekua, ekar ezazu zurea.”.