Atzo, ekainaren 5ean, Txakolin Eguna egin zen Lezaman, 15. aldiz. Aurten Amaia Olabarrieta, Joana Flaviano, Leia Zarate eta Sara Barbosa Athleticen jokalari lezamarrak izendatu zituzten enbaxadore, eta egun berean, hain zuzen ere, Athleticek Superliga irabazi zuen. Beraz, taldeko gainontzeko neskak hurbildu ziren Lezamara garaipena ospatzeko, eta zuri-gorriz margotu zuten jai-eguna.
Jokalari lezamarrek brindisa egin zuten eta, horrela, 12:45etan, hasiera eman zioten jaiari. Neskekin batera, herriko txakolingileak eta Jon Ander Aurrekoetxea herriko alkatea egon ziren eszenatokian. Pedro Mari Goikoetxea kazetaria aurkezle aritu zen. Ekitaldian, antolatzaileek saria eman zioten Ciriaco Dañobeitia baserritar larrabetzuarrari, urteak eta urteak txakolina ekoizten daramatzalako. Beranduago, bertso saio bat egin zen eta horretan, Jon Larrabide lezamarrak, Jon Etxebarria eta Iban Larrabazablek hartu zuten parte.
Arratsaldean Lotxo taldeak berbena girotu zuen. “Aurreko urteetan baino askoz lagun gehiago etorri da azokara. Oso pozik gaude”, esan dute antolatzaileek.
Urtero moduan, herriko eta eskualdeko sei upeltegik ipini zuten postua azokan: Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe, Sasines eta Bitxia. Era berean, bertoko produktuak ere egon ziren ikusgai eta erosgai: eztia, gazta, barazkiak, euskal pastela, loreak, kontserbak… Txakolin Egunean beste ekitaldi batzuk ere antolatu ziren. Kurutze dantza taldea kalejiran irten zen eta, ostean, umeek agerraldia eskaini zuten frontoian. Umeentzako tailerrak antolatu ziren eta Saretzen elkarteak hanburgesa txikiak eskaini zituen.
Festak