Athleticen emakumezkoen taldeak bosgarren aldiz irabazi du Superliga, Liga bukatzeko partida bat falta den arren. Larunbatean, ekainaren 4an, zuri-gorriek 3-0 irabazi zioten Oviedo Moderno taldeari. Baina benetako garaipena hurrengo egunean etorri zen, ekainaren 5ean, Atletico Madrilek Bartzelona mendean hartu zuelako. Horri esker, Joseba Agirreren neskek lau puntuko aldea ateratzen diete kataluniarrei eta, ondorioz, txapela lortu egin dute. Emakumezkoen taldean bost jokalari txorierritarrek jokatzen dute: Amaia Olabarrieta, Joana Flaviano, Leia Zarate eta Sara Barbosa lezamarrek, eta Iraia Iturregi loiuztarrak. Amaiak taldearen poztasuna laburbildu digu. “Garaipena espero baino jardunaldi bat lehenago lortu dugu eta poz-pozik gabiltza. Denboraldi oso luzea eta gogorra izan da. Eta eskerrak orain irabazi egin dugun, azken partida, Tenerifen, oso zaila izango baita. Horrela, presiorik gabe jokatuko dugu”.
Jokalariek igandean bertan ospatu zuten Superliga, Lezaman, Txakolin Egunean. Hala ere, hori ez da ospakizun bakarra izango. Izan ere, klubak betiko ibilbidea prestatu du biharko, ekainaren 7rako, garaipena zaletuei eta erakunde publikoei eskaintzeko. Horrela, 18:00eta Begoñako Basilikara joango dira; 18:30ean Bilboko Udaletxera; eta 19:30ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregira. Amaiak ez daki azkenean gabarra aterako duten ala ez, baina bere esanetan, horrek ez du garrantzi handirik. “Normal ikusten dugu gizarte mailan zabaldu den eztabaida, baina guri bost: gabarraz, autobusez ala oinez. Kontua da, batetik, Superliga ospatzea eta zaletuekin bat egitea; eta bestetik, normaltasunera eramaten gaituzten pausoak ematea”.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).