Txorierriko Baserri Antzokia, uztailean zabalik

Aikor aldizkaria 2016ko eka. 22a, 10:09

Baserri Antzokia egitasmoa 2010ean hasi bazen ere, 2015eko urrira arte ez zitzaien eraikitze lanei ekin, eta, gaur egun, erremate txiki batzuk baino ez dira falta amaitzeko. Hori dela-eta, Baserri Antzokia uztailean zabaltzea dauka aurreikusita Baserri Antzokia Fundazioak. Baserria euskara eta euskal kultura indartzeko erreminta indartsua izatea nahi du Fundazioak, eta, horren harira, hasierako kultur plan orokorra zehazten eta taxutzen dabiltza. Zuek ere nahi dituzuen ekarpenak eta iradokizunak egin ditzakezue zeuen herriko elkarteen bidez edo Fundazioaren bidez. Era berean, eta kultur ildoa indartzeko asmoz, Baserri Antzokia Fundazioak eta Mendebalde Kultur Alkarteak elkarlanerako hitzarmen bat egin dute. Modu horretan, Baserri Antzokiaren kultur esparrua zabaldu egingo da bai edukiei bai eragin geografikoari dagokienez. Bestalde, Fundazioko kide guztiak boluntarioak direnez gero, uztailaren azken astetik aurrera pertsona bat hasiko da lanean, kultur programa gainbegiratzeko eta Fundaziorako kideak egiteko. Izan ere, dagoeneko, kideak lortzeko kanpainari berrekin zaio, eurei era guztietako zerbitzuak eskaintzea baita Baserri Antzokiaren zeregina. Azkenik, proiektu hau, kultur proiektua izateaz gain, enpresa proiektua ere bada. Hala, aipatzekoa da hasieratik hamabi lanpostu sortu direla baserriko zerbitzuak aurrera eramateko, eta beste lanpostu bat, arestian aipatu dugun moduan, kultur plana gainbegiratzeko eta kideak egiteko.