Larrabetzuko Hori Bai gaztetxekoek, ohikoa den moduan, uztailaren 30erako antolatu dute Gazte Eguna. Esan digutenez, aurreko urteetako eskemari jarraitu diote eguna prestatzeko; aurten, hala ere, nobedade bat izango da, lehen aldiz ginkana bat egongo delako, herrian zehar egingo dena 12:00etatik aurrera. Bestalde, trikitilariak ere handik eta hemendik ibiliko dira goizean herria girotzen.
Gazte Eguna San Ignazio Egunean egingo da bertan, eta horregatik egingo dute bat aurten egun bietako herri bazkariek. Ostean, Adarretatik zintzilik antzezlana eskainiko du Gilkitxaro antzerki taldeak, eta 18:00etan hasiera emango diete gaztetxe eta gazte asanbladen arteko olinpiadei. Elektrotxufla elektrotxarangak herria, herritarrak eta gazteak animatuko ditu 20:00etatik aurrera, eta 22:00etan kalejira eta ekitaldia egingo dira. Kontzertuak talde hauen esku egongo dira: Eskean Kristo, Boikot eta Joxe Replay. Kontzertuak plazan egingo dira, 23:30ean hasita. Gaztetxean, dj-ak egongo dira goiz osoan zehar.
Urterik urte jendetza handia batzen da Larrabetzuko Gazte Egunean. Hangoekin Txorierriko gazteek ez ezik beste herrietakoek ere egiten dute bat eta aurten ere hala izatea espero dute. “Ez dakigu esaten zenbat jende batuko den, baina jendea etorriko dela… seguru! (kar, kar).
Informazio gehiago: horibaigaztetxea@gmail.com
Festak