Sondika eta Zamudioko lorezainak, greban

Aikor aldizkaria 2016ko ira. 26a, 12:32

Irailaren 12an, Sondika eta Zamudioko lorezainak greban hasi ziren. ELA sindikatuak adierazi duenez, euren lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, hitzarmen propioaren bidez eta euskal sindikatuak azaldu duenez, Sondika eta Zamudioko Udalen zein Enviser enpresaren ardura falta da kausa nagusia.

Greba hasi zenetik, enpresako zenbait langile Sondika eta Zamudioko eskolen aurrean izan dira pankartekin, euren egoeraren berri emanez. ELA sindikatuak prentsa oharrean azaldu duen bezala, “langileek eskatzen dutena neurrikoa eta onargarria da enpresa zein Udalentzat. Horretarako, Madrilgo azken lan erreformen edukiak alde batera utzi eta zenbait hobekuntza jasotzen duen plataforma aurkeztu dute. 2016 eta 2017 urteetarako eskatzen dena hurrengoa da: aldi baterako gaixotasunak % 100 kobratzea, asteko 35 orduko lanaldia eta toxikotasun plusa hobetzea, besteak beste. Hobekuntza horietaz gain, soldata igoera eskatzen da 2018rako”. Langileak abenduan jarri ziren harremanetan herri bietako alkateekin eta maiatzean aurkeztu zieten eskaera, bai Udalei, bai Enviser enpresari. “Hala ere, ez da borondaterik egon langileen eskubideak hitzarmenean jasotzeko”, adierazi du ELAk.

Sondika eta Zamudioko Udalek greba eskubidea eta langile eta Enviser arteko hitzarmenaren aldeko errespetua adierazi dute: “Haiei dagokie akordio batera heltzea”. Halaber, Sondikako Udalak langile guztien lan-eskubideak eta grebarako eskubidea errespetatzen dituela adierazi du. Egoerari irtenbidea ahalik eta lasterren ematea espero du: “Herritarrak jasaten ari diren zerbitzu falta ordaintzeko diru-konpentsazioa eskatuko dugu”, azaldu du Xabier Zubiaur Sondikako alkateak. Enviser enpresari dagokionez, eurekin harremanetan jarri gara baina momentura arte ez digu inolako erantzunik eman nahi.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).