Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskal Herriko Graffiti Lehiaketaren IV. Edizioa antolatu du. Lehiaketaren buruz burukoa uztailaren 14an izango da Gernika-Lumon eta izena emateko epea uztailaren 4an amaituko da.
Parte hartzeko eskariarekin batera egin nahi den graffitiaren zirriborroa bidali behar da. Epaimahaiak bidalitako zirriborroak aztertu eta guztien artean Gernika-Lumoko hamar hormatan margotuko direnak aukeratuko ditu. Orotara, hiru sari banatuko dira: 1.500 €, 1.200 € eta 900 €. Lanak hurrengo helbidera agindu behar dira: Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa, Gazte Saila (Amaia), Arlozabal 8bis 1C, 48220 Abadiño (Bizkaia).
Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa Mendaron, Getxon eta Tolosan izan da dagoeneko, eta errotuz doan ekimena dela esan daiteke. Lehiaketak gazteak euskararen mundura erakartzea du helburu, euren gustuko jarduerak euskaraz antolatuz. Era berean, graffitiaren mundua publikoarengana hurbiltzen du.
Gernika-Lumoko Udalak Gazte Planaren eta hiriaren bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko ekitaldien barruan sartu nahi izan du Lehiaketaren buruz burukoa. Horrela, lehiaketatik kanpo Picassoren margo ospetsuaren bertsio bat egingo da. Asteburu horretan AgroSkate jaialdia ere izango da Gernika-Lumon eta eguneko egitarauaren zati handi bat elkarlanean antolatu dute Topaguneak, Udalak eta AgroSkatek.
Informazio gehiago: www.topagunea.org/graffiti, gazteak2@topagunea.com eta 94 621 51 16.