Kamioi berria, Derioko suhiltzaile-etxean

Aikor aldizkaria 2016ko urr. 21a, 14:41

Bizkaiko Foru Aldundiak kamioi berri bat erosi die Derioko suhiltzaile-etxeko langileei. Kamioiak 345.000 euroko aurrekontua izan du eta berri-berria da. Guztira, 10.000 litro ur eta 500 litro aparreko edukiera duen punpa-inude astuna da, eta sute handiei aurre egiteko dago diseinatuta. Derioko suhiltzaile-etxea 2010eko maiatzean ireki zen. Bizkaian zortzi suhiltzaile-etxe daude eta 2015ean, Deriokoa ekintza gehien egin zuen laugarrena izan zen. Etxe horretako 36 suhiltzaileek hainbat herritan egiten dute lan: Derio, Zamudio, Lezama, Sondika, Loiu, Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Lemoiz, Meñaka eta Mungia. Kamioia aurkezteko, Unai Rementeria ahaldun nagusia gerturatu da Deriora. “Erakunde publikook herriak hobetzeko eta herritarren onurarako egin behar dugu lan, eta kamioi berri honek helburu horiek betetzea du helburu”, esan du Rementeriak. Ahaldun nagusiarekin batera, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako saileko diputatua eta Txorierriko alkate batzuk ere egon dira aurkezpenean: Josu Andoni Begoña (Loiu), Xabier Zubiaur (Sondika), Jon Ander Aurrekoetxea (Lezama), Esther Apraiz (Derio) eta Igotz López (Zamudio).