Akerbeltz, Halloweeneko kalabazen ordez

Aikor aldizkaria 2016ko aza. 2a, 12:44

Argazkiak: Idoia Andrés

Pasa den urteko lehen edizioaren arrakasta ikusi ostean, Akerbeltz Gaua bigarren aldiz egin zen Larrabetzun pasa den astelehenean. Helburu nagusia Halloweeneko egunari buelta bat ematea eta ospakizunari herri kutxua aldarrikatzea izan zen. Urriko azken eguna baino aste bi lehenago, herriko umeek danborrak, karrakak eta kartulinazko Akerbeltzen txanoak prestatu zituzten Horibai gaztetxean. Hilaren 31n, 17:30ean irteera egin zen Larrabetzuko basora, Akerbeltzen bila. “Giro izan zen Larrabetzun, 150 - 200 lagun inguru batu zirelako basora egindako ibilaldian, ume eta gurasoen artean” azaldu dute antolaketatik. Herrira bueltan, 19:30ean kalejira egin zen, dantza eta petaroden artean eta 20:30ean erromeria egin zen herriko gaztetxean. Arrekikili, Garmitxa, Izar Argia, Kukubel, Gurpide, Txinpasmendi, Gaztelumendi, Horibai, Intxurreta, Gure Etxea, Itallen eta Bizkargi taldeak zein Udala egon ziren antolaketa lanetan. Argazkiak: Idoia Andrés