Euri zaparradek ez dute Zamudioko Azokako giroa gelditzerik izan. Mila pertsona baino gehiagok bisitatu zituzten XXXI. Nekazaritza eta Abeltzantza Azoka, Bizkaiko Limusin Txapelketa eta IV. Txokolate Azokak. Guztira 90 postu egon ziren barazkiz, frutaz, gaztaz, eztiz, ogiz… beteta. Azokan, taloa txorizo, odoloste edo hirugihar dastatzeko txosnak izan ziren.
Larunbata gozozaleentzat prestatu zen. Berrikuntza bezala, lehenengo aldiz Iváñez turroiak egon ziren, Bilboko erreferente nagusiak: turroi gogorra, biguna, opilak, polboroiak, gloriak, txakur-mazapanak… Bertan izan zen Eladio Iváñez, Alde Zaharrean daukan dendaren ordezkaria. IV. Txokolate eta Gozoen azokan hainbat izen ospetsu ikusi ahal izan ziren: Mendaro Txokolateak, Gorrotxategi (Tolosa), Lorea Trufak (Karrantza)… Horrez gain, azokan Larrabetzuko ohikoa den Asier Bengoa izan zen bere bizkotxo, madalenak, erroskilla eta ogiekin, besteak beste.
Igandean XXXI. Nekazaritza eta abeltzantza azoka eta Bizkaiko Limusin txapelketa izan zen. Eguerdian barazki, fruta, gazta eta txakolin postuen sariak banatu ziren eta irabazleak Begoña Lumbreras (Momoitio Baserria, barazkien posturik onena), José Etxebarria (Gatika, fruten postu onena) eta J. Aranburu (Gipuzkoa, gazta onena). Txakolinari dagokionez, Erdikoetxe (Lezama), Sasine (Gatika) eta Zabalondo (Zamudio) izan ziren irabazleak.
Aldi berean, Bizkaiko Limusinen XVI. txapelketa egin zen igandean bertan, Bizkaiko Limusin Elkartearen eskutik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. 16. edizio honetan 9 abelazkuntzetako 54 behi ikusi ahal izan ziren, besteak beste.
Festak