9,5 milioi euro, Txorierriko 3. lineako geltokietan

Aikor aldizkaria 2016ko aza. 23a, 10:50

Euskotren Trenbide Sareak (ETS) 9,5 milioi euro inbertituko ditu Etxebarriko San Martinetik Lezamara joango den 3. lineako zortzi geltokietan. 2017ko martxoan inauguratuko den lineako Txorierriko hainbat geltokik eraberritze lan gogorrak izango dituzte, ETSko iturrien arabera. Lanak honako hauek izango dira: nasak tren berrien altueretara moldatzea eta bidaiari-lekuak zein markesinak trenbide sarearen irudi berrira eraberritzea. Derioko geltokiak inbertsio handiena izango du, lau milioi eurokoa. Berez, geltokia goitik behera eraberritu beharko da atari berriaren sorrerarekin eta lur-azpiko pasabide berriarekin, besteak beste. Elotxelerrikoa ere goitik behera eraberrituko da: nasa luzetuko da, ranparen malda gutxiagotzeko, mugikortasun mugatuko pertsonentzat. Txartel makinak kristalez estaliko dira eta geltokiko sarrera bat kenduko da, erabiltzaile kopurua hobeto kontrolatzeko. Larrondoko geltokiko lanak amaitzear daude eta azken hiru hilabeteetako eraberritze-lanetan 400.000 euro gastatu dira: mugikortasun mugatua duten pertsonentzako sarreren lanak, nasen eta geltokiko altzarien zein iluminazioaren eraberritzea… Lezamako geltokiaren kasuan ere, Larrondon bezalako inbertsioa izan da, eta geltokiko eraberritze-lanetan hitzarmena egin du ETSk Lezamako Udalarekin: Udala goiko pisuko lanez arduratuko da, eta ETS behekoez. Sondikaren kasuan nasak handituko dira eta bi markesinak eraberrituko dira.