Baserri Antzokiak enpresei egin die harrera

Aikor aldizkaria 2016ko abe. 1a, 15:27

Baserri Antzokia 2016ko urriaren 5ean inauguratu zen. Herritarrok, txorierritarrok, euskaltzaleok, azken batean, bat egin genuen proiektuarekin eta inaugurazio ekitaldi horretan batu ginen. Enpresentzat ere beti egon dira irekita aretoko ateak, baina, abenduaren 1ean, Baserri Antzokia Fundazioak harrera ofiziala egin die Txorierriko enpresei. Udane Goikoetxea kazetariak aurkeztu du ekitaldia.

Udaneren hitz gozoen atzean, Xabier Goienetxe Fundazioaren presidenteak eta Jorge Belaustegui Elkargi enpresako Bizkaiko lurralde-zuzendariak hitz egin dute. Gainera, Igotz López Zamudioko alkatea eta Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen presidentea ere igo da Baserri Antzokiaren eszenatokira. “Baserri Antzokia topagunea da aisialdiaz gozatzeko eta, zelan ez, baita negozioak egiteko ere. Euskarak euskaldunok batzen gaitu eta hori da Baserri Antzokiaren funtsetako bat”, esan du Lópezek. Igotzen ostean, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara saileko diputatua ere aritu da. “Baserri Antzokia euskara eta euskal kultura bultzatzeko egitasmo plurala da, baita Txorierrin bizi diran edo haran hau bisitatzen duten pertsonak elkartzeko lekua ere. Hainbat eragile, enpresa, herritar eta kultur-elkartek hartu dute parte proiektuan. Azpiegitura berritzailea da, eta bertan euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten jarduera guztiek dute lekua. Jende guztiak dauka bere txokoa bertan, eta hori funtsezkoa da euskarari eta kulturari bidea emateko. Kulturgintza sendotzeko egiten dogu lan. Euskara eta euskal kultura gizartea egituratzen duten ardatzak direla jabetu eta jabetarazi behar dogu, eta Baserri Antzokia ekarpen ederra izan daiteke bide horretan”, adierazi du. Horiekin batera, hainbat agintari eta enpresetako ordezkari hurbildu dira ekitaldira. Besteak beste, lagun hauek izan dira Baserri Antzokian: Josu Andoni Begoña, Jon Ander Aurrekoetxea, Xabier Zubiaur eta Esther Apraiz, Loiu, Lezama, Sondika eta Derioko alkateak, hurrenez hurren; Alaitz Etxeandia, Biscaytik Fundazioaren presidentea eta Lezamako alkate ohia; Gorka Carro, Sondikako alkate ohia; Miguel Madariaga, Euskadi Fundazioaren presidentea; Koikili Lertxundi, Athleticen jokalari ohia eta enpresaria; eta Gorka Martínez, BBK-ko Gizarte Ekintza fundazioaren zuzendaria. Ekitaldiaren ostean, kopaua eskaini da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).