Durangoko azoka, bizitzekoa!

Aikor aldizkaria 2016ko abe. 2a, 12:01

Aurten 51 aldiz egingo da Durangoko azoka, euskalgintzaren garrantzitsuena. Azken urteetako azokarik goiztiarrenean (abenduaren 2tik 6ra arte) 246 stand, 349 nobedade eta 200 ekitalditik gora izango ditugu kulturzale eta euskaltzaleentzat. Antolatzaileen esanetan, “Durangoko Azokak guztiontzat izango du plana, 51. edizioa bizitzekoa baita!”.

Zamudioko Udalak bat egin du horrekin eta abenduaren 6an Durangora joateko autobus bat doan eskainiko die herritarrei. Era berean, AEK-ko Txepetxa euskaltegikoek ere antolatu dute irteera bat, abenduaren 5erako. Landako Gunearen ohiko ordutegia, 10:30etik 20:00etara bitartean, izango da.

Gaur, ostera, ate irekiera ohikoa baino apur bat lehenago izan da. 10:15ean Durangoko Karrika Antzerki Taldeko kideek Deshakespearezioa obraren 15 minutuko pasarte labur bat antzeztu dute, Donostia 2016ri keinu eginez, eta 51. edizioagaz lotuz. Inaugurazio-ekitaldia, aldiz, 19:00etan izango da Areto Nagusian. Egitarauari dagokionez, gaur, abenduak 2, goizeko 10:00etatik aurrera hasi dira Ikasle Egunaren baitako jarduera guztiak. Mila ikaslek baino gehiago parte hartuko dute zenbait tailerretan: liburu baten iruzkina egiteko ikastaroa, robotikaren mundua, antzerki tailerra...

Arratsaldean, helduen txanda helduko da. Lehenengo aldiz euskara ikasten ari diren helduek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: bikoizketa tailerra, wikipedia edizio maratoia... Horrez gain, publiko orokorrarentzat jarduera ugari egongo dira. Joxean Sagastizabalek eta Bernardo Atxagak Peru Apreta, mistikoa aurkeztuko dute Areto Nagusian, 17:00etan; Kabi@n, 18:30ean, wikipediaren berrikuntza teknologikoez egingo dute berba; Saguganbaran, 17:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots arituko dira; eta Ahotsenean, kontzertu-maratoia izango dugu: 11:00etan, Lorratzak; Gatibu, 13:40etan; Sarkor, 15:40etan; 19:00etan, Revolta Permanent... Igelak Ahotsenea Solasaldietan, 18:30etik aurrera, Irati Jimenezek Odola, Gatza, Musua lana aurkeztuko du. Irudienean, 19:00etan, Igelak filmaren estreinaldia ikusteko aukera izango dugu, Patxo Telleria, Gorka Otxoa, Miren Gaztañaga eta Gatibu taldeko kideekin. Azkenik, eguna amaituko dugu Plateruenan, 23:00etan, Willis Drummond taldearen Tabula Rasa taldearen disko berriaren aurkezpenarekin.

Aipatutako ekitaldiez gain, beste hamaika jarduera egongo dira Azokako espazio guztietan. Guztiak modu eguneratuan kontsultatzeko eta standetako sinaduren ordutegiak begiratzeko, antolatzaileek azokaren webgunean sartzeko gomendioa eman dute. Horrez gain, Durangoko Azokak bigarren urtez doako autobus-zerbitzua antolatuko du Iurretako aparkalekuetatik Landako Guneraino, bisitariei erraztasunak emoteko asmoz.

Informazioa: www.durangokoazoka.eus