Ongi etorri Aikor! aldizkariaren webgune berrira!

Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak 2002an jarri zuen martxan Aikor! aldizkaria. Proiektuaren ardatz nagusiak izan dira: euskara sustatzea eta herritarren ekimenen berri ematea. Egitasmoa sendoagoa egiteko, 2007ko otsailean, Totoanek beste urrats bat egin zuen irakurleengandik are parajeago ibiltzeko, eta aikor.com webgunea sortu zuen. Orain, 2016. urtean, webgunea berritu dugu eta aikor.eus jaio da. 

Webgune berriaren lehenengo aldaketa izena bera da, hau da, aikor.com izatetik aikor.eus izatera igaro da. Domeinu berria, .eus, euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Era berean, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzeko, euskara normalizatzen laguntzeko eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzeko. Gaur egun, 6.000 enpresak, pertsonak eta erakundek dute .eus domeinua. Hala ere, nostalgikoek edo despistatuek jarraitzen badute aikor.com idazten nabigatzailean, helbide horrek berdin-berdin bideratuko ditu aikor.eus helbide berrira.

Baina domeinuarena aldaketarik txikiena baino ez da. Webgune berriak batez ere gure irakurleen parte-hartzeari eman nahi dio garrantzia. Aikor! aldizkariak beti izan du hainbat kolaboratzailek osatutako sare bat bere inguruan, eta webgune berrian jarraipena eman nahi diogu sare horri. Horretarako, hiru erabiltzaile mota izango ditugu. Lehenengoak, Aikor! aldizkariko langileak, webgunearen administratzaile arituko dira. Eurek erabakiko dute zer, non eta noiz eskegi albiste bat. Beste multzo biak txorierritarrei irekita daude. Inplikazio txikiena duenak izena eman dezake webgunean, eta ondorioz, iruzkinak idatzi ahal izango ditu albisteetan. Eta inplikazioa handiagoa duenak webgunea hornituko du, eta bertan, komunitatearen atalean hain zuzen ere, albisteak, bideoak eta abarreko kontuak eskegitzeko gauza izango da. Kolaboratzaile egiteko, administratzaileek eman behar dute baimena.

Komunitate atal hori da webgunearen nobedade garrantzitsuenetariko bat. Aurreko webgunean txokoen atala zegoen, Txorierriko taldeen blog antzeko tresna bat. Gaur egun, ordea, alde batera utzi ditugu txokoak, eta komunitatea sortu dugu, han eskualdeko elkarteek, enpresek eta norbanakoek albisteak, bideoak edo oharrak eskegitzeko. Esate baterako, futbol taldeek euren partiden kronikak idatzi ahal izango dituzte edo dantza taldeek euren saioen berri eman ahalko dute. Eta administratzaileek interesgarritzat jotzen badute Komunitatea atalean dagoen edozein edukiera, webgunearen lehenengo orrian bertan argitaratu ahal izango dute. Totoanek gonbita egiten die txorierritarrei aikor.eus webgunean parte hartzeko.

 

Erabilgarriagoa

Webgunearen berrikuntza praktikorik garrantzitsuena izaera responsivea edo moldagarria da: behar bezala moldatzen da gailu mota askotara: ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, tabletak eta, bereziki, sakelako telefonoak. Kontuan izan dugu gaur egun erabiltzaileen % 50ek baino gehiagok sakelako telefonoaren bidez ikuskatzen dituztela komunikabideak. Webgune berriak tokian tokiko komunikabideen ereduari jarraitu dio diseinu aldetik.

Horregatik, aikor.eus modernoagoa eta erakusgarriagoa da. Betiko zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu: agenda, argazki galeriak, Aikor! aldizkaria pdf formatuan, Aikorlagun egiteko ziurtagiria, paperean idatzitako artikulu eta albiste guztiak... Gainera, irakurleek zerbitzu berri batzuk topatuko dituzte: zorion-agurrak, eskelak, audioak eta bideoak txertatzeko aukera... Era berean, administratzaileek, besteak beste, inkestak, lehiaketak eta elkarrizketak online antolatu ahal izango dituzte.

 

aikor.eus webgunea modernoagoa eta erakargarriagoa da eta erabiltzaileak bertan parte-hartzeko aukera handiagoa izango du