Korrika 20

Korrikaren hasiera, aikor.eus webgunean zuzenean, 16:00etatik aurrera

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 30a, 10:41

Korrikaren 20. edizioa abiatuko da, gaur, martxoaren 30ean Otxandion, 16:00etan. 1980. urtean jarri zituen lekuko batek lehen aldiz euskaldunak eta euskaltzaleak korrika, eta 17 urte geroago, hogeigarren edizioan ere, ez dira faltako hasiera horretako emozioa eta grina. Guztiok biltzen gaituen ekitaldi horren garrantzia aintzat hartuta, ohar hau sinatzen dugun euskarazko hedabideek irteeran eta amaieran, Otxandion eta Iruñean, elkarlanean telebista saio bateratu bana egitea erabaki dugu Korrikak gizartean duen babesaren adierazle. 

Irteera ikusteko, portadan agertzen den eskuinaldean eta goiko aldean kotatuko lehiatila txikian sakatu baino ez da egin behar. Bestela, lotura honetan sartu:

http://www.eitb.eus/eu/view/str/OTMyMDQ1MDIxMA==MjAxMS5laXRiLmNvbQ==/true/'width='320' height='200' frameBorder='0'

Duela urte bi egin genuen tamaina horretako elkarlana lehen aldiz, Korrika Urepeletik abiatu zenean. Saioak izandako emaitza ona ikusita Bilboko amaiera ekitaldian berriro egitea erabaki genuen. Lekuko horri helduz, aurten ere berriro elkartuko gara Berria, EITB, Goiena, Hamaika Telebista, Kanaldude, Tokikom (Aikor! aldizkaria horren barruan dago) eta Xaloa Telebista elkarlan horretan. Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko komunikabideok gure egiten ditugu euskararen aldeko ekitaldi honetan, herritarrak euskarara batzeko AEK-k egindako gonbidapena onartuz.

Otxandioko saioa martxoaren 30ean 16:00etan hasiko da. Hedabide bakoitzaren webgunean, ETB1, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean. Ilaski Serrano ETBkoa eta Ekhiñe Atorrasagasti Hamaikakoa izango dira aurkezle, eta beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira. Elkarrizketak eta, batez ere, Otxandioko giroa eskainiko ditu saioak zuzenean. Korrikaren lehen kilometroak ere jarraitu ahal izango dira 20. Korrikaren abiatzea saioan.

Iruñekoa, berriz, apirilaren 9an izango da, eta hori ere hedabide bakoitzaren webgunean eta ETB2, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean, eguerdian. Saio horretan azken kilometroak eta amaiera ekitaldia jarraitu ahal izango dira. 20. Korrika amaiera Iruñean izena izango du.

 

Elkarlanean:

Berria

EITB

Goiena

Hamaika Telebista

Kanaldude

Tokikom

Xaloa Telebista

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).