Gurean.eus, tokian tokiko informazioaren lehio globala eta berria

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 28a, 12:05

“Euskaraz pentsatu, sentitu eta bizi zara, Gurean zara”. Horrela aurkezten da Gurean.eus, euskal errealitate lokalaren leiho globala izatea helburu duen hedabide berria. Gurean.eus TOKIKOM osatzen duten 60 komunikabideen edizio digitalek sortutako albiste guztiak bateratzen ditu, komunikabide jeneralisten ohiko sailetan antolatuta: gizartea, ekonomia, kultura, kirolak, politika, ekitaldiak, euskara....

Gainera, sarean dagoen elkarlanerako gune irekia ere izan nahi du, gai berberaren gainean hainbat komunikabidek sortutako kronika eta analisiei zein TOKIKOM osatzen duten komunikabideen 250.000 ohiko irakurle eta erabiltzaileen iritzi eta aportazioei esker.  Gurean.eus sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki mugikorretatik kontsultatua izateko, nahiz eta tablet edo pc-ren bidez irakurtzeko ere prestatuta dagoen. Gure artean informazio lokala emateko orduan aurki dezakegun hutsune garrantzitsua betetzera dator.

“Gure mundua, ikuspuntua eta ideiak handiago egin nahi ditugu, guztion artean integratzaileagoa eta hobeto informatua den oraina eraikitzeko”, azaldu du Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariak. “TOKIKOMeko toki komunikabideen sareak informazio kopuru erraldoiak sortzen ditu egunero, beste inongo komunikabidek eskaini ezin duen kapilaritate mailaz gainera. Gurean.eus webguneak herriz herri, auzoz auzo sortutako eduki hori guztia batu eta erakusleiho berri batean emango du, tokiaren arabera baino, gaiaren arabera ordenatuta. Horrela, egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko medioen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz. Webgune berriari esker, hainbat komunikabidetan sortzen diren albisteak eta haien tratamendua ia momentuan jarraitzea ahalbidetzen digun tresna boteretsua daukagu, zeharka, nolakoak garen, nola pentsatzen eta sentitzen dugun ere erakutsiko diguna”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).