Zapatuan, apirilaren 29an, errefuxiatuei babesa azaltzeko martxak, Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatuta, zutabetan iritsiko dira Gernikara. Bertan, ekitaldia egingo da. Domekan, apirilaren 30ean, tailerrak eta esperientziak trukatzeko mahaiak antolatuko dira: babes- eta asilo-eskubidea, antimilitarismoa, feminismoa, antikapitalismoa, faxismorik eta arrazismorik ez… “Gernikan, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta beste herrialde batzuetako milaka lagun bilduko gara, egoera honi dagokionez gure sumindura eta gaitzespena adierazteko, gure gobernuen pasibotasunaren kontrako jarrera agertzeko, baita aukerak planteatzeko eta eraikitzeko ere. Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga honetan, mobilizazio jendetsurako deia egiten dizuegu, “gerrarik ez” oihukatzeko eta migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorriak direla esateko”.
Txorierrin
Bilbotik etorritako zutabeak bihar, apirilaren 28an, 19:15ean ailegatuko dira Lezamara. Horiei ongietorria emateko ekitaldia egingo da bertan. Bertsolariak ere egongo dira eta umeentzako tailerrak izango dira 18:00etatik aurrera. Zutabeak Larrabetzura abiatuko dira eta espero da hara gaueko 9etarako ailegatzea. Herritarrek harrera egingo diete, eta zutabeetako lagunek bertan afalduko dute eta egingo dute lo, frontoian. Hurrengo egunean, 10:00etan, Gernikara abiatuko dira eta herrian agur-ekitaldi bat ere egingo da.
Bestalde, Txoriberri Derioko elkartetik adierazi diguten moduan, Erandiogoikotik autobus bat ipiniko da ibilbidea oinez egin ezin duten txorierritarrak Larrabetzura eta Gernikara joateko. Txorierrira bueltatzeko autobusa ere egongo da. Hori gaueko 11etan aterako da Gernikatik. Esandakoaren arabera, Txoriberri elkarteak Derioko Udalari diru-laguntza bat eskatu zion autobusa ipintzeko, baina ez die eman. Hala ere, autobus-zerbitzua eskainiko dela aipatu digute, eta hura erabili nahi duenak telefono hauetako batera bidali behar duela whatsapp-a: 691787933 eta 695702202.