Gora San Isidro!

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 16a, 10:59

Atzo maiatzaren 15a izan zen, San Isidro Eguna. San Isidro jai garrantzitsua da Txorierrin: baserritarren patroia da eta gure haranean lurra lantzen duten lagun asko dago. 

Derion, esate baterako, urteko jairik nabarmenenetarikoak dira eta atzo amaiera eman zioten azken egunotan izan duten jai-egitaruari. Azken egunerako, jai-batzordeak marrazki-lehiaketa eta umeentzako ekintzak antolatu zituen. Gainera, meza egin zen San Isidro elizan, zelan ez. Arratsaldean, txitxarrilloa eta txokolatada egin ziren, eta kuadrilla-txapelketaren sariak banatu.

Zamudioko eta Derioko Lurlangileen Elkarteak ere ospatu zuen San Isidro. 13:30ean, Eneko Bilbao zamudioztarrak gizon-proba egin zuen eta ostean, Geldo auzoko Zubieta baserrikoak, idi bakarra-proba. Ostean, sindikatuaren bazkideek bazkaria antolatu zuten.

Beste alde batetik, Larrabetzun, gurasoek eta umeek irteera bat egin zuten. Beranduago, herriko produktuen azoka antolatu zen. Azkenik, azpimarratzekoa da Baserri amets antzezlana. Loiun eta Lezaman ere ekitaldiak egin ziren.