Gero arte, kirol denboraldiari

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 31a, 12:01

Denboraldia bukatu da Txorierriko hainbat kirol talderentzat. Batzuek helburuak lortu dituzte eta pozik agertu dira eta beste batzuek, ez, ordea. 

Zamudio Kirol Elkartea azkenen artean kokatu ahal da. Zamudioztarrek urte zoragarria egin zuten iaz eta ondorioz, Bigarren B mailara igo ziren. Aurten, erronka are handiagoa zen, mailari eustea, baina ezin izan dute helburua lortu. Denboraldi zaila izan da eta azkenean, bakarrik bost partida irabazi eta gero,  azken postuan gelditu dira.

“Nahiz eta mailari ezin eutsi, oso pozik gaude, esperientzia polita izan dugulako. Gainera, Zamudio kokatu dugu Estatuko mapan eta orain apur bat ezagunagoak gara. Beste taldeek begirunea eta adiskidetasuna adierazi dizkigute gure filosofiari esker: herri txiki bat, talde gazteak, diru gutxi... Kontuan izan behar dugu guk 80.000 euroko aurrekontua  izan dugula eta aurten, lehian, 300.000 euroko aurrekontua duten talde batzuen kontra ibili garela. Ez da erraza”, esan du Fidel del Prado taldeko presidenteak. 

Derio taldeko neskek, aldiz, Euskal Ligarako igoera lortu dute. “Denboraldia oso gogorra izan da, baina neskek primerako lana egin dute urte osoan zehar eta, gainera, izugarrizko inplikazioa adierazi dute. Iaz, igoera lortzeko zorian egon ginen eta aurten igotzea genuen helburu. Azkenean bete dugu eta poz-pozik gaude”, esan digu Juan Carlos Palacio presidenteak. “Igoera neskena da. Kluba zerotik eraiki dugu denon artean, eta datorren urtean Euskal Herri mailan sartuko gara lehian. Hori oso garrantzitsua da bai guretzat, bai Txorierri osorako”.

Areto-futbolean ere badago Derion oso pozik dagoen talde bat, Pozgarri, alegia. Lehenengo zein hirugarren taldeek igoera lortu dute: Pozgarri A taldeak, Lehentasunezko Mailara; eta Derioko Txorierrik, Lehenengo Mailara. “Talde nagusiak igotzea zuen helburu, hasiera-hasieratik eta oso pozik gaude. Hala ere, sorpresa handia izan da Derioko Txorierrik igoera lortzea”, dio Unai Ezkurra taldeen koordinatzaileak.

 

Saskibaloia

Saskibaloiari dagokionez, Zamudio Saskibaloi taldeak (Sbt) Liga irabazi zuen eta lehendabiziko aldiz, igoera fasea antolatu zuen herriko kiroldegian. Lehenengo kanporaketa gainditu ostean, 52-72 galdu zuen Anbotopeko taldearen kontra. “Eskerrik asko senideei, bikotekideei eta azken urteotan babesa eta laguntza eskaini diguten guztiei; eta zorionak, Anbotopeko taldeari, noski”, esan digu Sergio de la Vega jokalariak. Igoera fasean porrot egin arren, txorierritarrek oso balantze ona egin dute. “Giro itzela egon da kiroldegian eta, finalerdietan zein finalean harmailak jendez beteta egon dira: senideak, federaziokoak, herrikoak... Jai polita antolatu genuen eta horri esker, oihartzuna eman diogu herriari. Gu apur bat etsituta gaude irabazi ez izanagatik, baina oro har denboraldi ederra egin dugu: liga irabazi dugu eta bakarrik lau partida galdu ditugu urte osoan zehar. Pozik egoteko modukoa da”.

Era berean, Saskitel Derio, Integra2 Loiu ST eta Loiu STB taldeek ere lortu dute igoera, Lurraldeko Bigarren Maila Berezira. Derioztarrek liga irabazi dute eta loiuztarrak bigarren postuan gelditu dira, bakoitza bere multzoan. “Aurten Mungiako talde batekin elkartu gara eta indartsu ibili gara. Horri esker, igoera lortu ahal izan dugu”, azaldu digu Roberto Flores Saskitel Derio taldeko koordinatzaileak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).