Aldundiak 229.425 euro zuzenduko ditu, Txorierriko gazteen prestakuntza eta enplegua sustatzeko

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 21a, 14:43

Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi duten moduan, “Gaztedi Txorierri” hitzarmena sinatu dute eta hara 229.425 euro zuzenduko dira. Hitzarmena 2019. urtera arte egongo da indarrean, eta dirua gazteen prestakuntzari, enpleguari eta ekintzailetzari lotutako ekintzak bultzatzeko erabiliko da.

Txorierriko hitzarmenaz gainera, Aldundiak beste hiru hitzarmen sinatu ditu: “Gaztedi Arratia” (150.528 €), “Gaztedi Durangaldea” (224.700 €); eta “Gaztedi Ezkerraldea” (246.400 €). Lau hitzarmenek bat egin dute apirilean Busturialdea, Enkarterri, Lea-Artibai, Meatzaldea, Mungialdea eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeetarako onartutako beste sei hitzarmenekin.

"Bizkaia Goazen Gazteak" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du 2017. urtea gazteen urtea izango dela. Horren haritik, “Gaztedi Bizkaia 2020" foru-estrategiaren bidez lurraldeko gazteria-politikak koordinatuko ditu, eta tokiko eremuan gazteei zuzendutako jarduketa integralak sustatuko ditu. Hala, Europako politikekin egiten du bat, eta 8 jarduketa-eremu ditu: hezkuntza eta prestakuntza, enplegua eta ekintzailetza, gizarte esku-hartzea, osasuna eta ongizatea, kultura eta sormena, gizartearekiko konpromisoa, parte-hartzea eta nazioartekotzea.

Sinatutako eskualdeko lankidetza-hitzarmenetan lehenesten dira, alde batetik, hezkuntza eta prestakuntza, eta bestetik, enplegua eta ekintzailetza. Helburua da gazteei kalitate oneko prestakuntza eskaintzea, aldi berean, lan-merkatuko joeretara egokitzen dena, baina, betiere, beste alderdi batzuk alde batera utzi gabe, hala nola gizartearekiko konpromisoa, osasuna eta haiei eragiten dizkieten politika publikoak lantzeko eta ebaluatzeko prozesuan parte-hartzea.