San Joan sua

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 23a, 12:05

Gau magikoa da gaurkoa, garbitzailea, antzina udako solstizioari harrera egiteko ospatzen zena, eta eguzkiari indar handiagoa emateko, pixkanaka-pixkanaka “ahultzen” joaten zelako. Ohiturari jarraituta, gaur sua piztuko da berriro ere Txorierrin.

Loiun, esate baterako, nobedadeekin etorriko zaigu San Joan gaua. Hala, sua Udaletxeko plazan piztuko dute aurten, jaia agerikoagoa egiteko. Iluntzeko 8etan umeentzako jokoak egongo dira plazan, eta 21:00etan txokolatada eskainiko da. Suzirien jaitsiera zazpigarren aldiz egingo dute 22:00etan, kanposantutik, eta sua 22:15ean piztuko dute. Ostean, beste nobedade bat egongo da: diskofesta, Dj Kaktusekin.   

Sondikan gaur emango diote hasiera jaiei. AMPA Gorondaganek antolatuta, haur parkea izango da 15:30etik aurrera, eta dj bat 17:00etan. Txupina 19:30ean botako dute, eta su-zuziak 22:15ean banatuko dituzte liburutegian. San Joan landarantz kalejiran aterako dira 22:30ean eta han sua piztu eta, ohikoa denez, Gora San Joan abestia kantatuko dute. Dj Iñigo goizaldeko ordu batetik aurrera arituko da.    

Derioztarrak arratsaldeko 7etatik aurrera bilduko dira eskolan. Dantzen agerraldia egongo da bertan, txitxi-burruntzia eta txokolatada, eta sua 21:30ean piztuko dute. Ekintza fanfarre batek girotuko du. Lainomendi, Odol Argia, SUBYKE eta Sutondoan elkarteekin batera antolatutako jaia da.

Zamudion, sorginkerietan ibiliko dira. Bidekoetxe parkean sorgin istorioak kontatuko ditu ipuin kontalari batek eta jarraian sua piztuko da. Ume eta nagusientzako afaria ere egongo da.

Lezamako frontoiaren atzeko landan, afari-merienda eskainiko da 20:30etik aurrera. Trikitilariek eta dantzariek ere parte hartuko dute ekintzan, eta su inguruan, ohiko abestiak kantatuko dituzte 22:15etik aurrera. Ohikoa den moduan, Zorrizketan, Astrapala, Ekidazu eta Kurutze elkarteek ere hartzen dute parte jaian.

Larrabetzun ere piztuko dute San Joan sua gaur gauean. Gainera, Bizkargi dantza taldeak saioa eskainiko du Aiko! Taldearekin batera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).