Global Training nazioarteko beketan izena emateko epea uztailaren 14ra arte egongo da zabalik

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 30a, 10:44

EGAZ Txorierrik 18 beka kudeatzen ditu ingeniari industrialentzat, arkitektoentzat, ingeniari zibilentzat eta ingeniari komertzialentzat. 

Beka horiei esker, praktikak egin ahal izango dira, besteak beste, Kolonbian, Frantzian, Erresuma Batuan, Polonian, Txilen eta Indian, hainbat enpresaren bidez, hala nola LKS Ingeniería, ITP, Pine Instalaciones y Montajes eta Uriarte Safibox.   Praktiken programak gutxienez zortzi hilabetekoak izango dira, eta aldez aurretik nazioarteko gaiei buruzko 50 orduko ikastaro bat egin beharko da. Bekadun bakoitzak 1.348 euro jasoko du hilean.

2017ko urtarrilaren 1ean 30 urte baino gutxiago dituztenek har dezakete parte Global Training beketan, baldin eta: EAEn erroldatuta badaude gutxienez egun hori baino urtebete lehenagotik eta etenik gabe; ingelesa ondo badakite; eta unibertsitate-graduko edo goi-mailako prestakuntza-zikloko titulazioa badute. Gainontzeko eskakizunak online kontsulta daitezke, bai EGAZ Txorierriren webgunean (txorierri.eu), bai programaren webgune ofizialean (becasglobaltraining.eus). Eskaerak azken webgune horretan egin beharko dira; eta aurkeztu beharreko beste agiri guztiak EGAZ Txorierrin jaso beharko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak eta Derioko, Erandioko, Larrabetzuko, Lezamako, Loiuko, Sondikako eta Zamudioko Udalek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, gazteriarekin lotutako politika integrala sustatzeko. Hitzarmena ‘Gaztedi Bizkaia 2020’ proiektuaren barruan dago, eta gure bailaran ‘Gaztedi Txorierri’ programa garatuko da 2017-2019 aldian. Programa horretara 229.425 euro zuzendu du Aldundiak eta zenbait jarduera antolatuko dira, esate baterako ‘Ezagutu Aukeratzeko’, ‘Bekak Txorierri’, konpetentziak lantzeko tailerrak, gazte ekintzaileei laguntzeko egitasmoak, ‘Ezagutu Kontratatzeko’ eta nazioarteko bekak. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).