Euskotrenek abendura arte luzatuko du Lutxana eta Sondikaren arteko zerbitzuaren frogaldia

Aikor aldizkaria 2017ko uzt. 7a, 11:31

Euskotrenek gutxienez Gabonetara arte mantenduko du Lutxana eta Sondikaren arteko tren-zerbitzua, hasieran igarritakoa baino beste hilabete bi gehiago, hain zuzen ere. 

Zerbitzua duela urte bi jarri zen martxan, eta trena Lezamako trenaren lineako lanek iraun zuten bitartean ibili zen. Lanak bukatutakoan, Euskotrenek iragarri zuen tren-zerbitzua sei hilabetean mantenduko zuela, errentagarria zen ala ez erabakitzeko. Eta azkenean, badirudi errentagarria dela. Normalean, egunero 50-70 lagunek erabiltzen dute linea. Bestetik, Erandio eta Loiuko Udalek eskatu dute Lutxanarako loturari eustea.

Beraz, zerbitzuak jarraituko du, baina, ziur asko, maiztasunak eta tren-kopurua erabiltzaileen beharrizanetara egokituko dira, linearen efizientzia bermatzeko. Gainera, Euskotrenek trenak ahalik eta oztopo gutxien sortzea nahi du, Txorierrin zehar zenbait trenbide-pasagunetatik igarotzen delako. Ez da Lutxanako trena ixten den lehenengo aldia. 1975ean zerbitzua eten zen, trenbideko egoera txarra zela-eta. Trena 1980an inauguratu zen berriro, baina 1997an bigarren aldiz kendu zen, bidaiari gutxi zegoelako.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).