Euskararen kale-erabilera apaldu da Euskal Herrian azken 10 urteotan

Aikor aldizkaria 2017ko uzt. 13a, 14:19

Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Olatz Altuna Ikerketaren zuzendariak eman du 2016an Euskal Herri osoan behaketa bidez jasotako datuen berri.

Ikerketa honetan, Euskal Herri osoko 144 udalerritako kaleetan jaso dira datuak, eta 187.635 elkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazioa bildu da. Jasotako datuen bolumen handi horrek bermatzen ditu fidagarritasun estatistikorako baldintzak.

Altunarekin batera aurkezpenean egon da Maddi Etxebarria Soziolinguistika Klusterraren lehendakaria. “Ikerketa honek euskararen egoera aztertzeko duen balioa” eta “orain arteko ibilbidean izandako garapen tekniko eta profesionala” azpimarratu zituen. Altuna eta Etxebarriarekin batera, aurkezpenean izan ziren Iñaki Martinez De Luna, Eneko Anduaga eta Eneko Gorri, Batzorde Zientifiko zabalagoaren ordezkari gisa.

Ikerketaren arabera, euskararen kale-erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan. 2006an %13,7koa zen eta 2016an, berriz, % 12,6koa. Azken bost urteetan, gainera, euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera txikiagoa ere neurtu da: % 3,7tik (2011) % 2,7ra (2016).

Hego Euskal Herrian, 2011tik 2016ra, euskaldunak % 50 baino gutxiago diren herrietan mantendu egin da euskararen erabilera maila; euskaldunak herritarren % 50 baino gehiago diren herrietan, aldiz, jaitsiera neurtu da. Ipar Euskal Herrian berriz, azken bost urtean, euskararen ezagutza gutxiagoko eremuetan kaleko erabilera jaitsi egin da eta, ezagutza altueneko eremuan (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) igo. 

Hiriburuetako euskararen kale-erabileraren bilakaerek bakoitzaren lurraldeko joera bera izan dute, Iruñean izan ezik: Iruñeko erabilera maila bere horretan dago 1997tik; Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urtean; Donostia eta Bilbon txikitu egin da kaleko euskararen erabilera; eta Baionan gaztelaniaren erabileraren bezainbestekoa da euskararena.

Haurrak (% 18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak; hauen ostean gazteak (% 12,3), ondoren helduak (% 11,5) eta, azkenik, adinekoak (% 8,1) dira euskara gutxien erabiltzen dutenak. 1989tik haurren, gazteen eta helduen euskararen erabilerak gora egin du; adinekoenak, berriz, etengabeko beherakada izan du. Hala ere, 2006tik 2016ra adin-talde guztietan atzerakada gertatu da.

Emakumezkoek ( gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute euskara kalean. Haur, gazte eta helduetan ematen den joera da. Azken 3 neurketetan errepikatu den joera da eta lurralde guztietan gertatzen da.

Haurren presentziak eragin handia du euskararen kaleko erabileran. Erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jasotzen dira (% 19,3); eta baxuenak, berriz, nagusiak haurren presentziarik gabe ari direla (% 8,6). 2006tik 2016ra, Euskal Herria mailan, haurren arteko euskararen erabilerak jaitsiera izan du. Ipar Euskal Herriari soilik begiratzen badiogu, ordea, nabarmentzekoa da haurren arteko elkarrizketetan euskararen erabilera 2,5 puntu igo izana.