Badator Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017!

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 15a, 11:48

Txapelketa aste honetan aurkeztu da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. “Ez da kontu sinbolikoa, ezta indar erakustaldi bat. Errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan”, azaldu du Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak aurkezpenean. Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldo izango ditu helmuga Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Lehenengo saioa irailaren 23an jokatuko da Baigorrin, eta finala, abenduaren 17an, Barakaldon.

Aurten lehenengo aldiz aldi berean izango da txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan. "Modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla da aurtengo Txapelketa Nagusia", azaldu du Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kideak. “Txapelketa Nagusia ez da lau urtetik behin egiten den ekimen isolatu bat, urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guztietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da”, esan zuen Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

Txapelketak final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu. Finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariek finalerako sailkapena lortuko dute. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean. Saioak 17:00etan hasiko dira, finala izan ezik. Guztira, 43 bertsolari, 18 gai jartzaile eta 20 epaile arituko dira aurten. Haien artean, Etxahun Lekue larrabetzuarra, Bizkaiko txapelduna. Etxahun urriaren 14an sartuko da lehian, Tolosan. Aurrean Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia izango ditu. Bestetik, aurten Unai Iturriagak ez du izena eman eta, bera finalista denez, ez du ordezkorik izango. Gainera, Iñaki Gurrutxagak uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez.

 

Sarrerak salgai

Edozeinek eros ditzake final laurdenetako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian, baina finalaurrekoak eta finalekoak bazkideek soilik lortu ahalko dute urriaren 2ra arte. Bestalde, bazkideek erosi ahal izango dute bakarrik abonamendua. “Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena”, azaldu du Muruak. Era berean, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.

Txapelketari buruzko ataria prest dago www.bertsozale.eus webgunean; ohiko informazio praktikoaz gain, bertsogintzaren inguruko hausnarketak bilduko dira alor ezberdineko adituen eskutik: Harkaitz Cano idazlea, Uxue Alberdi bertsolaria edo Mateu Xuri glosadorea dira horietako batzuk. Bestalde, www.bertsoa.eus webgunean ere egingo zaio jarraipen zabala eta Bertsozale Elkarteak ekoitzi eta ETB 1ean eskaintzen den Hitzetik Hortzera telebista saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari; horri gehitu behar zaio kate berean astelehenetan eskainiko den Aulki Jokoa telebista programa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).