Banden Lehia martxan dago

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 27a, 09:00

Azkue Fundazioak Banden Lehia antolatu du bederatzigarren aldiz. Lehiaketak musika euskalduna sustatzea du helburu eta horren haritik, musika talde euskaldun amateurrik onena aukeratuko da. Denboraren poderioz, txapelketak gero eta arrakasta handiagoa hartu du eta horri esker, banda berriak ematen ditu ezagutzera. 

Lehiaketan izena emateko, taldeek Banden Lehiako webgunean igo beharko dute euren kanta. Finalera heltzen diren lau taldeak erabakitzeko, musikazaleek botoa eman ahal dute twitter gizarte sarearen bidez. Gainera, zenbait adituk osatutako epaimahai batek ere puntuak emango dizkie taldeei. Aurten, hauek dira epai-mahaikideak: Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru; Maia Muruaga irrati esataria; Xabi Hoo Enkore taldeko abeslaria;  eta Last Tour International enpresako ordezkari bat.

Lehiaketaren finalean, lau taldeek zuzeneko kontzertua eskainiko dute, eta irabazlea publikoaren eta epaimahaiaren iritzia kontuan hartuta aukeratuko da.  Talde bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio eta entzuleek botoak eman ahal izango dituzte telefono horietara dei galduak eginez. Finala azaroaren 24an egingo da, Bilborock aretoan, Bilbon.

 

Sariak

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an da eta egun hori gazteekin ospatu nahi du finalean Azkue Fundazioak. Horretarako, finalean bertan Itziarren Semeak taldeak ere eskainiko du kontzertua. Sariei dagokienez, talde irabazleak jaialdi bitan joko du 2018an: Bilbao BBK Live jaialdian eta Euskal Herria Sona jaialdian, Bartzelonan. Gainera, disko bat ekoiztuko du Baga Biga diskoetxearekin. Bestalde, finalistek disko bilduma jasoko dute, lau banden kantekin.

 

Informazio gehiago:

www.bandenlehia.com