“Gure ustez lau t´erdiko neurria oso erakargarria da ikusleentzat eta espero dugu neskek partida politak eskaintzea”, esan du Iker Amarika antolatzaileetako batek. Iker larrabetzuarra da eta aspaldian pilotaria ere izan zen.
Txapelketa horretan hainbat txorierritarrek hartuko dute parte, batez ere larrabetzuarrek, Txokoan taldekoek. Besteak beste, Irati Etxebarria, Paula Iturbide, Ane Garaiazarra, Jone Goiri, Ainara Orue.... Txapelketan parte hartzeko, Pilotariek izena eman behar dute txapelketaren webgunean, eta horretarako epea urriaren 1etik 15era bitartean egongo da zabalik. “Goi-mailako pilotariak arituko dira: Maite Ruiz de Larramendi, Patri Espinar, Maddi Medizabal, Amaia Ariztegi, Leire Etxaniz... Horiek izango dira faboritoak, baina nik esango nuke Ane eta Jone larrabetzuarrak ere fin ibiliko direla”, esan du Amarikak.
Txapelketa maila bitan jokatuko da: Lehenengo maila eta Elite maila. Kanporaketak urriaren 22tik azaroaren 12ra bitartean jokatuko dira; final-laurdenak, azaroaren 18an eta 19an; finalerdiak, azaroaren 26an, Berrizen; eta finalak, Sopelan, abenduaren 6an. Finalerdiak zein finalak ETBk emango ditu zuzenean. Antolatzaileek erabateko ikuskizuna prestatuko dute bai finalaurreetarako bai finaletarako: musika, ekitaldiak dinamizatzeko esatari bat, maskotak, animazioa, zuzeneko elkarrizketak, sari-banaketa, zozketak eta materiala banatzea ikusleen artean...
Informazio gehiago:
www.emakumemastercup.eus