Alemania eta Frantziako ikasleak, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 2a, 10:20

Alemaniako Saarbrücken herriko 39 ikasle etorri dira Txorierrira, Derioko institutuak parte hartzen duen truke-programa bati esker. Gazteak asteazkenean etorri ziren gurera, irailaren 27an, eta astebete emango dute berton. 

“Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira eta gure ustez oso esperientzia aberasgarria da haientzat: batetik, beste hizkuntza bat zuzenean ikasteko aukera izango dute; eta bestetik, beste herri bat ezagutuko dute, beste kultura...”, esan dute Derioko institututik. Ikasle txorierritarrak apirilean joango dira Alemaniara.

“Gure neska-mutilak izugarri inplikatu dira eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte kanpoko ikasleei zuzenduta: lehenengo egunean, institutua ezagutu zuten; hurrengo egunean, ibilbide bat egin zuten Bilbotik; gaur, Donostiara joan dira... Hurrengo egunetan Gernikan eta azokan murgilduko dira, ibilaldia egingo dute itsasontziz Bilboko itsasadarretik...”. Gainera, zapatu goizean, Olarreta Larrabetzuko pilota elkartearen eskutik, Saarbrückeneko institutuko neska-mutilek euskal pilotara hurbiltzeko aukera izango dute. Horretarako, erakustaldiak ikusiko dituzte –bai eskuz, bai palaz–, kirolaren inguruko azalpenak jaso dituzte eta azkenik, eurak ere aritu ahal izango dira pilotan.

Saarbrücken herria Alemanian dago, Frantziaren mugatik oso gertu. Hori dela-eta, hango eskoletan alemaniarrek zein frantsezek ikasten dute, nork bere hizkuntzan. Truke-programan parte hartu dutenek gaztelania ere ikasten dute eta hori hobetzera etorri dira Deriora. Era berean, txorierritarrek frantzesa ikasten dute eta horregatik joango dira Saarbrückenera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).