Kerman Lejarraga, Estatuko txapelduna

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 13a, 12:24

Kerman Lejarraga Morgako boxeolariak Espainiako Txapelketa irabazi zuen welter kategorian, azaroaren 11n, Bilboko Miribilla aretoan. Lejarragak puntutan irabazi zion aurreko txapeldunari, José del Río El niño mallorcarrari, eta gerrikoa kendu zion, epaileek aho batez erabaki zuten moduan. Horrela, Morgako errebolberrak galdu barik jarraitzen du: guztira 24 garaipen lortu ditu profesional mailan, haietako 19, KOz. 

Borrokak ikusmin handia sortu zuen boxeoaren zaletuen artean. Antolatzaileek “La Velada del Millón” esan zioten borrokari, eta telebistak pay per view (ikusteagatik ordaintzea) modalitatean eskaini zuen. Era berean, Miribillan 11.000 zale batu ziren, borroka zuzenean ikusteko. Gehienak, noski, Kermanen aldekoak. Ez da batere ohikoa hainbeste lagun batzea, boxeoa ikusteko. Epaileek emandako puntuek adierazi zuten moduan –90-99, 92-98 eta 91-99– lehia zaleek zein adituek espero zuten bezain bizia izan zen. Boxeolari biek erakustaldi ederra egin zuten, nork bere estiloan: Kerman, beti aurrera; eta José, primeran defendatzen eta kontraerasoan jokatzen. Hala ere, Lejarraga erosoago ibili zen ringean eta arerioa baino hobea izan zen.

Hasieran, boxeolari biak patxadaz ibili ziren. Ez da harritzekoa, Espainiako txapeldunaren gerrikoa jokoan baitzegoen. Baina hirugarren roundetik aurrera, Kermanen erasoak gero eta bortitzagoak izan ziren. Era berean, txapeldun ohia sendo ibili zen defentsa-lanetan. El niñok gogor eutsi zien kolpeei eta bere eskarmentua argi eta garbi erakutsi zuen Miribillan. Del Ríok Morgako boxeolariari ezkerreko bekaina ere ireki zion seigarren roundean. Baina epaileek borroka jarraitzeko baimena eman zioten Kermani eta horrek erasoan jarraitu zuen.

 

Ameriketan

Azkenean, Kermanek gerrikoa ez ezik, Europa mailako txapelketaren bat borrokatzeko aukera ere irabazi zuen. Bere ibilbidea gora doa etengabe: udan, Lou DiBella sustatzaile estatubatuarrak kontratatu zuen, Ameriketan borrokan ibiltzeko. Kermanek han egindako borroka biak KOz irabazi ditu. Iaz, WBA elkartearen hiru tituluak eskuratu zituen eta gaur egun munduko boxeolaririk onenenetarikoa da welter mailan. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).