Eskuz binakako 2018ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketa

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 9a, 09:51

Izena ematea urtarrilaren 19ra arte egongo da zabalik, eta kanporaketak Gasteizen, Larrabetzun, Markinan eta Santurtzin izango dira. Finalerdiak Oñatin jokatuko dira; eta finala, Eibarko Astelena pilotalekuan.  

Txapelketari urtarrilaren amaieran emango diote hasiera, eta atzo aurkeztu zen jendaurrean. Aurkezpenean hauek hartu zuten parte: Jose Ramón Taranco, Laboral Kutxaren ordezkaria; Iker Amarika, txapelketaren zuzendari teknikoa, eta Olatz Arrizabalaga, Leire Etxaniz eta Gentzane Aldai pilotariak.

Olatz Arrizabalaga (Gautegiz-Arteaga) eskuz binakako txapelduna izan zen iaz, elite mailan, Leire Etxanizekin batera (Etxebarri). Gainera, Etxanizek eskuz binakako txapela ez ezik lau eta erdiko banakako txapela ere jantzi zuen abenduan. Biek jokatuko dute aurtengo txapelketan. Bestetik, Gentzane Aldai (Orozko) lehenengo aldiz lehiatuko da aurten, promozio mailan. Horren haritik aipatu beharra dago iaz partidak lehenengo mailan eta elite mailan jokatu baziren ere, aurten kategoria horiei beste izen bat ipini dietela: promozio-maila eta lehen maila. Horrela, gizonen kategorien izenekin parekatuko dira. Iazko lehenengo maila, promozio maila izango da aurten; eta elite kategoria, lehen maila.

Lehenengo kanporaketak Gasteizen jokatuko dira; eta hurrengoak, Bizkaian: Larrabetzun, Markinan eta Santurtzin, hain zuzen ere. Ondoren, Gipuzkoara egingo du salto txapelketak, “emakumezkoen eskupilotak bertan hartu duen indarra metatu, saritu eta erakusteko”, esan dute antolatzaileek. Finalerdiak Oñatin egingo dira; eta finalak, Eibarko Astelena pilotalekuan. Bai finalerdiak, bai finalak ETBk emango ditu zuzenean.

Izena ematea urtarrilaren 19ra arte egongo da zabalik www.emakumemastercup.eus webgunean. Promozio mailarako, bikoteak eman behar du izena, eta lehen mailarako, ordez, banaka, bikoteak antolatzaileek egingo dituztelako. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).