Gogotsu gabiltza

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 1a, 11:47

Berbalagunen txokoa

Eta berbalagunok ilusioz ekin diogu ikasturte berriari. Horrela, euskaraz aritzeko elkartzeaz gainera, bestelako ekintzak ere egin ditugu: ardo dastatzea, Baserri Antzokian; bisita gidatuak, Bizkaiko Foru Aldundiko Jauregira, Getxo Photo egitasmora eta Arte Ederretako museora; ermitaz ermita ibilaldia; eta maskarak, gurasolagunekin.

Datozen hilabeteotan ere edukiko ditugu zenbait ekintza. Esate baterako, otsailaren 3an Abadiñora joango gara, San Blaseko azokara, eta otsailaren 22an Goya margolariaren artelanez gozatzeko aukera edukiko dugu, Bilboko Arte Ederretan egingo dugun bisita gidatu bati esker. Txepetxa AEK euskaltegikoekin Launa upeltegira, Guardiara, joango gara martxoaren 3an. Ardo dastatzea ez ezik bazkaria ere edukiko dugu han.

Bestalde, eta gurasolagunei zuzenduta, herensuge txinatarra egiteko tailerra antolatu dugu Derioko eskolan, astelehenetan eta eguaztenetan, 16:00etatik 17:00etara. Herensugea oso ezaguna da munduko kultura guztietan, eta tailerrak helburu bikoitza du: alde batetik, guraso eta seme-alabak pertsonaia horrengana hurbiltzea; eta bestetik, parte-hartzaileen interesa piztu eta eskulanetan murgiltzea. Izan ere, umeek jolasa eta artea dituzte komunikatzeko modutzat, eta biak uztartuta harremanak sortzen dira. Koloreak, irudimena eta bolumenak elkarrekin landuz, hizkuntzara hurbiltzera gara eta hori garatzen dugu. Era berean, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, irudimena eta teknika landuko dira. Euskaraz eta elkarrekin, zerbait polita diseinatuko dugu eta emaitza kalera aterako dugu, besteok ere horrekin disfrutatzeko aukera izan dezaten.

Gurasolagun programa Txorierriko Mankomunitateak, TOTOAN euskara elkarteen federazioaren laguntzarekin, antolatzen duen doako programa da, eta gurasoen eta seme-alaben artean euskaraz egitea bultzatzea du helburu.