Gazteek egun bateko egonaldiak egingo dituzte hainbat enpresatan

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 19a, 13:34

Aste honetan zehar, Txorierriko Batxilergoko 43 ikaslek egun bateko egonaldiak egingo dituzte hainbat enpresatan, bakoitzak aukeratu duen errealitate profesionala hurbiletik ezagutzeko. Egitasmoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi gazteen enplegua sustatzeko programaren parte da, eta hori Txorierriko Mankomunitateak eskaintzen du, Erandioko Udalarekin batera.

Egonaldiotan Batxilergoko edozein ikaslek har dezake parte, baldin eta Txorierriko sei udalerrietako batean erroldatuta badago.

Guztira, 23 enpresak hartu dute parte ekimenean, besteak beste, ITP, ZIV, IMQ Zorroaurre Klinika, Matrici, Gestamp, FCAA, Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzua eta Derioko Ikastetxe Publikoa. Enpresa horietan guztietan, batxilergoko ikasleek aukera izango dute profesional batekin egoteko. Horrela, sortzen zaizkien zalantzak eta galderak egin ahal izango dituzte.

Egitasmo honen barruan, enpresetako egonaldiez gain, ikasleek bisitak egin ahal izango dituzte zenbait enpresa eta erakundetara (Euskotrenera eta Basurtuko Ospitalera, adibidez), eta sektore-mahaiak ere egingo dira: IDDTEK eta ZIV bezalako enpresetako profesionalak ikastetxeetara joango dira, gazteei enpresaren errealitatea zuzenean erakusteko.