Eusko Jaurlaritzak 11,4 milioi euro inbertitu ditu, Txorierriko geltokiak berriztatzeko

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 12a, 11:36

Jakinarazi duten moduan, 1,9 milioi euro Derio-Zamudio tarteko trenbidea hobetzera bideratu dira, eta gainontzekoa -9,5 milioi euro-, Txorierriko geltokiak Bilboko Metroaren 3. lineako geltokiekin homogeneizatzera. 

Geltoki gehienetako lanak amaituta daude, Kurtzekoa eta Deriokoa izan ezik. Batez ere nasak tren berrien galiboetara egokitu dira, eta kubikuluak eta markesinak berriztatu dira, lur azpiko trenbide berriak duen irudiarekin parekatzeko.

Lan garrantzitsuenak Derion egiten dabiltza eta 5,5 milioi euroko aurrekontua dute. Bertako lur azpiko ataria handituko da eta herrigunetik datorren oinezkoentzako sarbidea egokituko da. Bertan igogailu bat ipiniko da. Industrialdetik datorren oinezkoentzako sarbidea ere egokituko da, geltokiaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko. Era berean, nasaren azalera handituko da eta trenbidearen bikoizketa 500 metro inguru luzatuko da. Txorierriko etorbidearen eta Astintze kalearen arteko oinezkoen trenbide pasagunea kenduko da, eta horren ordez, arrapalak eta eskailerak edukiko dituen lur azpiko igarobide bat egingo da. Derio eta Zamudio arteko trenbidea, kilometro biko ingurukoa, ere berriztatuko da. Balastoa, trabesak eta erraila kenduko dira eta material berria jarriko da.

1,2 milioi bidaiari

Bestetik, Eusko Jaurlaritzak milioi erdi inguru euro inbertitu du Larrondoko geltokia berritzeko. Besteak beste, nasak eta markesinak zaharberritu dituzte, makina baliatzaileak babesteko kubikulu berri bi eraiki dituzte, eta altzariak eta argiztapena berritu dituzte. Gainera, mugikortasun urriko pertsonentzako sarbideak arautegira egokitu dira.

Metroaren 3. lineak jarraipena du Lezamaraino, Artxandako tunel berriaren bitartez. Lineak Bilbo iparraldeko auzoetan bizi diren 70.000 pertsonari baino gehiagori ematen die zerbitzua. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren esanetan, Txorierriko lineak 1,2 milioi bidaiari eduki zituen 2017an, aurreko urtean baino % 19,51 gehiago.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).