“Ideia Aitor Elizegirena izan zen”, azaldu digute Taberna Ibiltaritik. “Aitorrek garagardo fabrika ipini zuen bere establezimenduetan garagardo artisau ona eskaintzeko eta, euskal kulturarako grina beti eduki duenez, komentatu zigun ekoizpen handiagoa egin zitekeela, eta zati horri esker lortzen zen dirua euskal kultura sustatzen laguntzeko erabili. Ideia polita iruditu zitzaigun, modu erraza zelako euskal kulturarako diru apur bat ateratzeko”.
Guztira 1.500 botila atera dira eta botila bakoitzetik euro bat zuzenduko da euskal kultura sustatzera. Beharrezkoa izanez gero, botila gehiago kaleratuko dira. “Garagardoa guri, Taberna Ibiltariari, eskatu behar zaigu eta guk ere hartuko dugu tabernetan-eta banatzeko ardura. Egitasmo honekin, Basqueryk eta guk ez dugu ezer irabaziko. Botila bakoitzaren irabazietatik euro bat osorik joango da euskal kultura sustatzera, eta gainontzekoa garagardoa salgai ipintzen den tabernara, gainontzeko garagardo markekin egiten den moduan”. Botilaren etiketan QR kode bat dago eta hori eskaneatuta, egitasmoaren azalpena azaltzen da eskuko telefonoan, baita euskal abestien hizkia ere.
Iaz, saiakera egin zuten Taberna Ibiltariak eta Basqueryk eta 800 litro garagardo merkaturatu zituzten. Irabazia, 800 euro, Aikor! aldizkariari eman ziguten.