1.286 zamudioztarrek eta lezamarrek erabili dute erabakitzeko eskubidea

a: Gaizka PeƱafiel eta Itxaso Zarate 2018ko mai. 7a, 10:32

Antolatzaileen datuen arabera, 2.750 zamudioztarrrek zuten botoa emateko eskubidea eta % 24,04k hartu zuten parte herri-galdeketan. Lezaman, 2.047 lagunek zuten botoa emateko eskubidea, eta % 30,53k eman zuten.

Gure Esku Dago dinamikaren haritik, herri galdeketak egin ziren atzo Euskal Herriko hainbat herritan; Zamudion eta Lezaman, haien artean. Izartu Zamudiotik adierazitakoaren arabera, 2.750 zamudioztarrek zuten botoa emateko eskubidea eta herri galdeketan 661 herritarrek hartu zuten parte, % 24, 04k hain zuzen ere. Boto emaileen % 96,82k baietz erantzun zioten hurrengo galderari: Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna libre erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?; eta % 1,51k ezetz. Bestetik % 1,66k boto zuria eman zuten; eta ez zen boto baliogaberik egon.

Lezaman, eta Izartu Lezama elkartearen datuen arabera, 2.047 herritarrek zuten botoa emateko eskubidea eta eskubide hori 625 lezamarrek erabili zuten, hau da, % 30,53k. Bertan galdera hau egin zen: Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan gura dozu? Boto emaileen % 94,24k baietz erantzun zuten; eta % 2,72k, ezetz. Boto zuria % 2,56k eman zuten eta botoen % 0,48 baliogabeak izan ziren.

Herri-galdeketaren antolatzaileak datozen egunotan batuko dira eta hausnarketa sakona egingo dute herri-galdeketari buruz. Hala ere, Lezaman jaso dugu lehen balorazio bat antolatzaileetariko baten ahotik. “Balorazioa sano positiboa da. Eguna arazo barik joan da eta eguraldiak lagunduta parte hartze polita izan dugu. Eguerdi aldera izan zen momenturik jendetsuena. Meza ostean, hiru belaunalditako boto emaileak urreratu ziren argazkiak egitera eta momentu hunkigarriak bizi izan genituen. Ekitaldiak pentsatu moduan atera ziren. Egun borobila. Parte hartzaileei, antolatzaileei eta Lezama osoari zorionak eta eskerrak”.

Izartu Zamudiotik ere eskerrak eman dizkiete parte-hartzaileei eta oso hunkituta azaldu dira herritarrek ekimenari eman dioten erantzunagatik. “Ariketa demokratikoa egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Ziur gaude herri honentzat eta Euskal Herriarentzat une handiak etorriko direna”.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).