San Isidro ospatuko da bihar Txorierrin

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 14a, 12:53

Bihar maiatzaren 15a izango da, San Isidro Eguna. Egun garrantzitsua da eta horren haritik, Nekazarien Eguna ospatuko dute hainbat herritan.

Larrabetzun, esate baterako, egitarau oparoa prestatu dute: goizean, irteera bat egingo dute; ostean, azoka bat, herriko plazan; eta eguerdian, herri bazkaria. Bertan parte hartu ahal izateko, 20 euroko txartelak erosi behar dira Etorki tabernan. Bazkaldu ostean, briska txapelketa eta pilota-jaialdia jokatuko dira. Pilota-partidak Txokoan eta Olarreta herriko pilota elkarteek antolatu dituzte. Beraz, Larrabetzuko pilotariak arituko dira hainbat kategoriatan. Eguna borobiltzeko, Euskal Herriko etxeei eta baserriei buruzko hitzaldia eskainiko da Gure Etxean.

Era berean, Zamudioko eta Derioko Nekazal Kooperatibak ere antolatu ditu ekintza batzuk. Goizean, opari bat emango diete naturari buruzko marrazki bat hara eramaten duten gaztetxoei eta, jarraian, idi-probak egingo dira, Zamudioko Zubieta eta Zumeltzuren eskutik. Geroago, kooperatibako bazkideak elkartuko dira bazkaltzeko. Egun osoan zehar trikitilariak egongo dira. Azkenik, Lezamako kooperatibak ere ospatuko du baserritarren eguna eta bazkideen arteko bazkaria egiteaz gain, goizean idi zein zaldi-probak antolatuko dituzte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).