“Erraza da Go!azen-eko pertsonaiekin bat etortzea”

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 31a, 10:19

Iholdi Beristain Martinez, abeslaria eta aktorea

Go!azen telesaileko neska-mutilak Txorierrira hurbildu dira maiatzean, Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak gonbidatuta. Saioak ikusmin handia sortu zuen eta Baserri Antzokia gaztez bete zen eskaini zituzten emanaldi bietan. Iholdi telesaileko aktoreetariko bat da eta bertan Nahiaren papera egiten du.

Baserri Antzokia leporaino bete zen. Zelan bizi zenuten zuek agertoki gainean?

Oso ondo pasatu genuen. Gure azken emanaldi biak ziren eta apur bat urduri ibili ginen. Baina urduritasun horrek onura ere ekarri zigun, agertoki gainean biziago sentitzeko erabili genuelako. Beraz, uste dut oso ondo joan zela.

Go!azen telesaila oso arrakastatsua da eta horren seinale da Txorierrin emanaldi bi eskaini behar izan zenituztela. Zertan datza haren arrakasta?

Euskal produktu bat da, musikal bat, fikziozkoa eta gazteei zuzenduta. Nire ustez, osagai horiek uztartzen dituen beste produkturik ez dago, eta bere arrakasta horretan datza. Gainera, horretan kontatzen diren istorioak edozein profileko neska-mutilentzat dira eta erraza da pertsonaiekin bat etortzea. Nahiko telesail “engantxagarria” da.

Nahia zara telesailean. Gustura?

Oso. Egia da, nire kideek ez bezala, nik ez nuela nire pertsonaia aukeratu; niri egokitu egin zitzaidan. Baina atzera egin ahalko banu, berdin-berdin aukeratuko nuke Nahia. Asko gustatzen zaidalako. Pertsona berezia da, ausarta eta indartsua, eta oso polita den barne mundu bat dauka. Oso sentimentala da eta balio handia ematen die bere inguruko gauzei eta pertsonei.

Antzekotasunik dago Nahia eta Iholdiren artean?

Bai, eta egia esan, ez dakit oso ondo muga non dagoen, batzuetan pentsatzen dudalako Iholdik Nahiaren jokabideak dauzkala, eta beste batzuetan, alderantziz dela. Azken batean, gure bizipenek eragina daukate edozein paper sortzeko orduan. Nahia Iholdi baino inozoagoa da, beharbada. Gazteagoa da eta beste testuinguru batean bizi da, baina biok oso sentimentalak gara eta balio handia ematen diogu gure inguruan gertatzen denari, bai onerako, bai txarrerako. Bestetik, Nahiaren ilusioa neure buruarengan ere ikusten dut, oso pertsona gardena naizelako eta gauzak berehala igartzen zaizkidalako. Bioi berehala igartzen zaigu ilusioa.

Go!azen telesaiora iaz Bago!az talent show-a irabazi zenuelako ailegatu zara. Zelan izan da esperientzia beste saio horretan?

Paregabea, asko ikasi dudalako. Profesionalki, noski, baina batez ere pertsonalki. Oso gustura egon naiz eta esperientzia milaka aldiz errepikatuko nuke. Egia da presio handia eduki nuela eta larritasunaren ondorioz momentu latz asko bizi izan nituela. Gogor saiatu nintzen eta, nire ustez, ahaleginak onerako baldin badira, bada, merezi du horiek egitea. Beraz, errepikatzeko moduko esperientzia izan da.

Proiekturik esku artean?

Momentu honetan dauzkadan proiektu guztiak Go!azen telesaioarekin daude lotuta, baina etorkizunari begira, ez diot ezeri atea ixten. Bestetik, etxean nabil nire kantak egiten, baina hori beste kontu bat da. Nire gaur eguneko proiektua Go!azen-ekin jarraitzea da, eta, gero, ez dakit hortik nora.

 

Musika klasikotik dantza garaikidera 

Iholdi (Portugalete, 2000) gehien gustatzen zaionean aritzen da: abesten, dantzan eta antzezten. Hori dela-eta, oso eskertuta dago Go!azen telesailaren eskutik etorri zaion aukeragatik. Hala ere, esan digu berak ez duela bere burua ez abeslari, ez dantzari, ez aktoretzat hartzen, “lanbideari begirune handia diodalako”.

Txiki-txikitatik eduki du harremana musikarekin eta espektakulu munduarekin. “Asko gustatzen zitzaidan musika klasikoa eta opera entzutea. Gurasoei Maria Callasen diskoak eskatzen nizkien (kar, kar)”. Chaikovskiren lanerako zaletasunak eraman zuen, balleta ikastera. “Euskal dantzak ere egin ditut, dantza modernoa, garaikidea… Ez naiz dantzari espezializatua, baina estilo asko gustatzen zaizkit eta gehiago ikastea nahiko nuke”. Hainbat saltsatan dabilen neska da eta horregatik ez du oraindik denborarik eduki kantu eta antzezpen eskola jasotzeko. “Baina etxean oso zinemazaleak dira eta hamaika pelikula eta telesail dauzkagu ikusita, antzerkira joaten gara, kontzertuetara…”.

Aipatu digu etorkizunari begira, eta zaila izan arren, gustatuko litzaiokeela antzerki musikaletan ibiltzea. “Eta, Go!azen moduan, filmatzen diren musikalak badira, askoz hobeto”. Bitartean, buru-belarri dabil ikasketekin. Azterketa garaia da eta aitortu digu nahiko larrituta dagoela. “Baina dena gainditzea espero dut. Oraindik ez dakit zer ikasiko dudan. Orokorrean kostatzen zait erabakiak hartzea, eta are gehiago ikasketen inguruan. Aukera batzuk dauzkat: kazetaritza, ikus-entzunezko komunikazioa, antzerkigintza…”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).