Btuber, Youtuber profesionala egiteko lehiaketa

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko eka. 12a, 10:01

Azkue Fundazioak Btuber lehiaketa antolatu du Bilboko Udalarekin batera. Horrek euskal youtuberrak sortzeko helburua du eta 13 urtetik 16 urtera bitarteko bilbotarrei dago zuzenduta. Txapeldunak youtuber ekipo profesionala lortuko du.

Lehiaketan parte hartzeko, minutu batetik eta bost minututara bitartean irauten duen bideo bat bidali beharko da info@azkuefundazioa.org helbidera, ekainaren 15etik 30era bitartean, .mov edo .mp4 formatuan. Youtube webgunera pribatuan igotako lanek ere izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera.

Antolatzaileek askatasun osoa eman diete lehiakideei, bideoen gaia hautatzeko orduan, baita horiek grabatzeko era aukeratzeko ere. Hala ere, Azkue Fundazioak eta Bilboko Udalak muga batzuk jarri dituzte eta ez dituzte bideo batzuk onartuko, hau da, giza eskubideen urraketa, bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa edota errespetu faltak adierazten dituztenak. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste bideo bidali ahalko ditu.

Era berean, antolatzaileek baldintza hauek eskatzen dizkiete bideoei: aurten grabatuak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Eta ez da onartuko aldez aurretik beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik. Eta noski, bideoak hizkuntz edukiren bat izatekotan (ahotsa, musika, elementu grafikoak...), honek euskarazkoa behar du izan. Honekin batera, lehiaketaren oinarriak daude irakurgai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).