Aurten, Txinan egin da eta bertan 48 herrialdetako 9.200 ardok hartu dute parte. Era berean, 300 kazetarik baino gehiagok eman dute lehiaketaren berri.
“Oso pozik gaude, zelan ez. Gure lana aintzat hartu dute nazioarte mailan eta horrek esan nahi du bide onetik gabiltzala. Kanpoan gu aintzat hartzea pozgarria da, baina etxean ere baloratu behar gaituzte. Eta horrela egiten dutela uste dugu. Gainera, ziur asko, sariari esker, hemendik aurrera are gehiago estimatuko dute Ieup! txakolina”, esan digu Andoni Aretxabaleta ekoizleak. “Bestalde, Euskal Herri mailan, bakarrik hiruzpalau ardok lortu dugu saria. Eta azken bost urteotan ez diote txakolin bati ere saririk eman. Saria horregatik izan da gozoa, eta hori ardo zuri gaztea kategorian eman digutelako, izan ere, ardo gazte batekin saria irabaztea askoz zailagoa da”.
"Sariek poz handia ekartzen digute Gorka Izagirre upeltegian lan egiten dugun guztioi”, esan du José Ramón Calvo Gorka Izagirre upeltegiko enologoak. “Alde batetik, nazioarte mailan gure lana aintzat hartzen dutelako; eta bestetik, indarra ematen digutelako aurrera egiteko. Gu txakolin ezberdinak egiten saiatzen gara, erroak alde batera utzi barik. Izan ere, Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Zerratia bertoko mahatsak baino ez ditugu erabiltzen", Bruselako Nazioarteko Lehiaketan lortutakoaz gainera, aurten Gorka Izagirrek beste sari batzuk jaso ditu, Decanter aldizkariak emandakoak, hain zuzen ere. Argitalpen horrek urrezko domina eman dio Arima txakolinari, eta zilarrezkoa, 2016ko G22 txakolinari.