Suaren inguruan

a: Juanjo Ortiz 2018ko eka. 22a, 14:07

Bihar, ekainaren 23an, San Joan gaua da; urteko gaurik laburrena. Udako solstizioa dela, gau horretan gure arbasoek suak pizten zituzten eguzkiari indarra emateko, izan ere, uste zuten eguzkia indarra galtzen zihoala eta egunak horregatik zirela laburragoak. Era berean, sua elementu garbitzailea zen ustea ere bazegoen.

Arbasoen ohiturei eutsiz, suak piztuko dira Txorierrin eta hainbat ekitaldi antolatuko dira ospakizunaren inguruan. Sondikan, esate baterako, jaietan daude eta egitaraua sorta zabala edukiko dute egun osoan. Besteak beste, padel txapelketa, kalejira, haurrentzako jolasak eta ekintza gastronomikoa, txakurren heziketaren erakustaldia eta sukalki txapelketa edukiko dituzte goizean; eta mus eta tortilla txapelketak, eta musika, arratsaldean. Gauean, kalejiran irtengo dira eta musika Skakeitan taldearen eskutik izango da.

Loiun 20:00etan emango diote hasiera ospakizunari. Dj-a eta txokolatada egongo dira, eta Deabru Beltzak taldeak ikuskizuna eskainiko du. Derion dantzak, txitxi-burruntzia, eta txokolatada edukiko dituzte 19:00etatik aurrera, herri ikastetxean, eta Zamudion, besteak beste, hauek egongo dira: umeentzako ikuskizunak, disko festa, Fito & Fitipaldis taldearen tributua eta su artifizialak. Ekintzak 20:00etatik aurrera izango dira Bidekoetxe parkean.

Lezaman Zorrijaia egingo dute herriko elkarteek eta Udalak antolatuta. Egun osoko jaia izango da eta goizerako hauek antolatu dituzte: baserrietatik ibilaldia, umeentzako tailerrak, taberna bira eta bazkaria. Arratsalderako, herri erronka, txorizo jana, suaren bila joan eta erromeria Aiko taldearekin. Larrabetzun ere hainbat ekitaldi izango dituzte suaren inguruan. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).